Airearen kalitatea

“Arazoa hor dago, kalean pilatutako zaborra bezain begi-bistakoa ez den arren”

Aitziber Basauri 2017ko abe. 22a, 11:30

Arnastutako airearen kalitatearen aurrean “gardentasuna” eskatu dute San Fausto auzoan, gogoratuz hainbat elkarte, sindikatu, alderdi politiko eta eragile azaldu direla arduratuta. Gorka Perezek ANBOTOko galderei erantzun die.

Airearen kalitatea ez da behar besteko ona.
Azken hileotan nabarmen igarri da hatsa, ez auzoan bakarrik, herri osoan, eta ez dakigu zergatik den. Usain eskasa beti lotu dugu paper-fabrikagaz. Ohitu ere egin gara. Baina, denok jakin behar genuke zer arnasten dugun, eta udalak gertatzen ari dena argitu behar luke. Airearen kalitatea neurtzean gertatu diren etenak ere, justu kutsadura gorenean egon ostean, deigarriak dira.

Arduratuta bizi duzue gaia?
Bai. Herritar guztioi arduratu beharko liguke. San Fauston arnastutako airea Abadiñon, Iurretan... ere arnasten da. Airea ez da udalerri batera mugatzen. Durangoko galdategietako kea Zornotzara ere iritsi daiteke. Gainera, airearen kalitatea mundu osoan aintzat hartutako parametroekin neurtu beharko litzateke, eta instituzioek araudi gogorragoak onartu beharko lituzkete.

Zer eskatzen diezue instituzioei?
Gardenagoak izan daitezen. Arazoa hor dago, kalean pilatutako zaborra bezain begi-bistakoa ez den arren. Ez dugu ikusten zer arnasten dugun. Gauza onak azaltzeko agertu ohi diren lez, osasun-egoeragaz lotutako gai honen aurrean ere agertu beharko lirateke: airea txarra bada onartu eta hori aldatzen saiatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!