Munduan zehar ezaguna den proiektua gurera ekarri du Gerediaga elkarteak, lehenbizikoz. Horrela, Durangaldeko bost sortzaileren proiektuak ezagutzeko aukera egon zen joan den eguaztenean. Saioaren helburua, ideiak elkarbanatzeaz gainera, zenbait proiektu erakustea eta hauei buruzko solasaldia sustatzea da. Lehenbiziko saiorako, Durangaldeko bost gazteren proiektuak aukeratu zituzten: Joseba Attard elorriarrak Olabe proiektua aurkeztu zuen. Eñaut Aiartzaguena iurretarrak, berriz, @irribarrez sinadurapean egiten ari den ibilbidea erakutsi zuen. Julen Fernandezek, ostera, Bizikletarte eta Eztereotipoak proiektuen berri eman zuen. Elene Carreto dantzariak, berriz, bere ibilbidea azaldu zuen, eta Iratxe Mediavilla Argi filmeko zuzendariak aurrekontu baxuagaz pelikula bat grabatzeko aholkuak eman zituen. 2018an saio gehiago antolatzeko asmoa du Gerediaga elkarteak.