Hondakin organikoa bereiztearen onuren hausnarketa bultzatzea eta eskualdean biltzen den organiko kopurua handitzea dira abiatu berri duten kanpainaren helburuak. Jandako sagar bat da kanpainako irudia, edukiontzi marroira botatzen den hondakin gehiena sukaldekoa (fruta, barazkiak…) dela adierazteko. Organikoa bereizteak norberari, komunitateari, ingurugiroari eta hurrengo belaunaldiei onura egiten diela nabarmendu du Aitor Lopez Durangoko Merinaldeko Amankomunazgoko presidenteak.
Kanpainak Amankomunazgoak hondakinen bilketa kudeatzen duen udalerrietan izango du presentzia: Abadiño, Atxondo, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibarren.
Izen-ematea
Edukiontzi marroiek giltza-sistema dute; horregatik, Amankomunazgoan erregistratutakoek bakarrik ireki ditzakete. Izena emateko hainbat modu daude: Telefonoz (94 623 25 22) edo korreo elektronikoz (al21.mdurango@bizkaia.org helbidera) egin daiteke. Amankomunazgoak, beharrezko materiala emango die izena ematen duten guztiei, informazio-prestakuntza saioan parte hartu ondoren.