“Ez dugu nahi Durangaldeko ume bat ere jostailu barik gertazea”, adierazi dute ohar batean aurten laugarren aldia egingo duen ekimenari buruz. Nobedade moduan, oherako arropa eta sukalderako tresneria (kazolak, platerak, edalontziak…) ere jasoko dute. Batutako dena inguruko elkarteetara banatuko dute.
Aurreko urteetan legez, Durangon, Abadiñon eta Berrizen jostailuak batzeko guneak jarriko dituzte. Durangon, abenduaren 11tik 15era, goiz zein arratsalde (10:00-14:00 eta 17:00-19:00) egongo dira Goienkale 13an duten lokalean. Abenduaren 16ko zapatuan, 10:00etatik 13:00etara, irekiko dute.
Berrizen sasoi batean Gizarte Ongizatea zegoen lokalean —Olakueta Plazan—, egongo dira abenduaren 13an eta 14an, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Azkenik, Abadiñon herriko elkarte batek aurrera daraman ekimen batekin bat egingo dute.