Hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen Euskaraldia ekimena aurkeztu dute

Maialen Zuazubizkar 2017ko aza. 23a, 15:25

Euskal Herri osora zabalduko den ekimenak tokian tokiko garapena izango du. Durangaldean hainbat instituzio eta eragilek euskaltzaleen aktibazioan eragiteko helburua duen ekimenagaz bat egiteko asmoa agertu dute.

Euskaraldia ekimena aurkeztu dute, gaur, Bilboko Arriaga antzokian. Ekitaldian izan dira Euskal Herriko lurralde guztietako instituzioetako ordezkariak baita hainbat eragile ere: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua;  Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Paul Bilbao, Kontseiluko Idazkari nagusia; Naiara Mujika, Lasarteko Ttakun euskaltzaleen elkarteko kidea; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria; Beñat Arrabit, Euskararen Erakunde Publikoko presidentea eta Herri Elkargoko Hizkuntza Politikako presidenteordea; eta Arrate Illaro, Euskaraldiaren koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea, besteak beste. Eurekin batera, egitasmoaren sustatzaile izango diren erakundeetako kideak egon dira aurkezpenean, tartean Jone Guenetxea ANBOTOko zuzendaria Tokikomen ordezkari legez.

Antolatzaileek azaldu duten modura, ekimena aurkezteko aukeratutako eguna ez da zorizkoa izan. Azaroaren 23a aukeratu dute, urtebete barru, egun horretan bertan abiatuko baita euskararen lurralde osoan aldi berean egingo den aktibazio ekimen handia. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hizkuntza ohituretan eragiteko helburuz, Euskaraldia 11 egun euskaraz lelopean egingo da lehenengo Euskaraldia.

Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtuko dira. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere. Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.

Ekimena Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izango da. Durangaldean ere ekimenarekin bat egiteko konpromisoa hartu dute hainbat instituzio eta eragilek.

"Instituzioak eta eragileak eskutik helduta bide berri bati ekiteko prest daudela argi gelditu da gaur goizeko agerraldian, eta hori aurrerapauso handia da. Indarrak batzea ezinbestekoa da euskararen normalizazioan aurrera egin gura badugu", azaldu du Guenetxeak. Bestalde, esperientzia zehatz batzuetatik abiatuta, proiektuak tokian tokiko garapena izango du. "Herrietako errealitate bakoitzera egokitutako ekimenak martxan jarriko dituzte. Ildo horretatik, egitasmo honetan tokiko hedabideok joka dezakegun papera inportantea izango da", gaineratu du Tokikomeko presidenteak.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!