Neska gaztetxoak mutikoak baino lehenago hasten dira alkohola eta tabakoa kontsumitzen

Markel Onaindia 2017ko aza. 22a, 16:45

Amankomunazgoko adikzioen sailak ikerketa bat garatu du eskualdean, 11 eta 20 urte bitarteko 2.244 gaztetxori inkestak eginda (guztien %44,8). Drogen kontsumoa beheraka doala nabaritzen da, 2008ko  eta 2012ko azterketekin alderatuta. Nabarmentzekoa da, gainera, tabakoa erretzen hasteko adina sei hile atzeratu dela. Aitor Lopez presidenteak eta Vicente Fernandez eta Amaia Sarrionandia teknikariek eman dute ikerketaren berri.

Neskek mutilek baino arinago kontsumitzen hasteko joera dute gaur egun, alkoholari eta tabakoari dagokionez. Genero biak kontuan hartuta, alkohola da probatzen duten lehen droga; duela urte batzuk tabakoa zen. Alkohola edaten hasteko batazbesteko adina 13 urte eta 3 hiletan dago, eta tabakoarena 14 urte eta 4 hiletan. Hori bai, neskek mutilek baino hilabete batzuk lehenago ekiteko joera dute.

Amankomunazgoak emandako datuak baikorrak dira. Alkoholaren ohiturazko kontsumoa %54,4tik %40,3ra bajatu da 8 urtetan; tabakoarena %26tik % 15,3ra; hatxisarena %17,9tik %7,8ra; marihuanarena % 19,6tik % 11,8ra; speedarena %2,4tik %0,7ra. 

Apustuekin kezkatuta
Fernandezek adierazi du alde kezkagarria alkoholarena, sare sozialena eta apustuena direla. Adikzioen sailetik teknologia berrien eraginak eta apustu-jokoenak aztertu dituzte. Sarrionandiak esplikatu du apustuen kasuan askoz gehiago direla mutilak, eta kalean egiten dutela apustu batez ere, Interneten baino gehiago. Gaztetxoek ez omen dute arriskurik ikusten apustuetan, sare sozialetan eta bideo-jokoetan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!