Abenduaren 9an Parisen egingo den manifestazioara joateko deia egin dute Durangon

Joseba Derteano 2017ko aza. 18a, 13:08

Presoen eskubideen urraketekin amaitzeko exigitzea eta konponbidean aurrepausu bat ematea dira helburuak.

Plateruenean egin dute Durangaldeko aurkezpena. Grabazio baten bidez Mixel Berhokoirigoin Bakezalearen berbak eskaini dituzte lehenengo. Bakearen bidea urratsez urrats jorratu behar dela azaldu du eta hurrengo pausua abenduaren 9an Parisera joatea dela. “Hutsik egin ezin den hitzordua da, berriro gertatuko ez dena. Parisetik pasatzen da Euskal Herriko bakebidea. Parisera joan behar dugu borondatez eta fede onez beterik, baina baita determinazioz ere”, adierazi du.

Ondoren, Iñaki Lasagabaster EHUko Administrazio Zuzenbideko katedraduna presoek dituzten giza eskubideen inguruan mintzatu da. Presoen sakabanaketaren, gaixorik daudenen egoeraren eta kartzela zigorren pilaketaren inguruan jardun du giza eskubideen ikuspegitik. “Eskubideak dira, ez politika. Ez gabiltza politika aldaketa bat eskatzen. Nagusiki, aldarrikatzen gabiltzana pertsonen oinarrizko eskubideekiko errespetua da. Eskubide horiek errespetatzen ez diren gizartea ez da demokrazia bat”.

Miren Amurizaren bertsoekin amaitu dute ekitaldia. 'Euskal Herritik abiatuta, geu ere Pariseraino. Ez gara joango bakea ekartzen, bakea egiten baino' abestuz amaitu du bertso bat bertsolari berriztarrak.

Azkenik, Durangaldeko herrietan ekarpen ekonomikoak egiteko zein autobusetan izena emateko aukera egongo dela gogoratu dute.

 

Iñaki Lasagabaster eta Miren Amuriza gaurko ekitaldian:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!