Azaroaren 25a

“Herri indigenak emakume eta gizonak parekatzen zituen, baina kolonialismoak txarrera eragin zuen”

Markel Onaindia 2017ko aza. 17a, 15:02

Hego hemisferioan hizkuntza indigenen alde lan egiten duen Garabide elkarteari esker Euskal Herrian ibili da Paula Huenumilla maputxea, hemengo hizkuntza biziberritzeko esperientziak ezagutzen –ANBOTO ere bisitatu zuen atzo–. Izan ere, Txile eta Argentina hegoaldeko Wallmapu lurraldeko Mapuzungun hizkuntza berreskuratzeko lanean dabil, eta irakasle da zenbait hiritan. Gainera, bisita aprobetxatuta, emakumeen egoeraz berba egin du Durangon.

Zelako bilakaera eduki du emakume maputxeak?
Allenderen gobernu sozialistaren sasoian, emakume indigenen gaia lantzen hasi ziren. Emakumeei irakasten hasi ziren, ofizio bat emateko, baina etxe barruko zereginetan. Emakumeak irabazitako autonomia apurra diktaduran galdu zen, etxeratze-aginduen erruz gehiago babestu baitzen etxeetan. 80ko hamarkadan, zenbait zentro kultural emakumeen lidertza sustatzen hasi ziren, eta maputxeen mugimenduaren baitan orduan agertu ziren lehen emakume liderrak.

Orain zer egoera bizi duzue?
Txileko estatuak oso gutxi egiten du emakumeen kontrako indarkeriaren aurka, nahiz eta Bacheletegaz apur bat aurreratu den berdintasun ikuspegian. Bestalde, emakume maputxe gisa, nire bizitza kontraesankorra da: hirian jaioa naiz, eta maputxeen lurraldearen autonomiaren alde egiten dut, baina gizarte horrek ez nau emakume lez errespetatuko, eta Txileko gizartera bueltatu beharko dut gehiago errespetatu nazaten. Berez, gure herri indigenak emakume eta gizonak parekatzen zituen, baina kolonialismoak txarrera eragin zuen. Uneotan, gure aliaturik onenak feminista txiletarrak dira. Zenbait gizon ere batu izan direla ikusi dugu, baina praktikan matxista batzuk dira. Emakumeen egoeraz analisiak egiteko tartea hartzen dugu, baina praktikarako ez gehiegi. Esaterako, nik hizkuntzaren aldeko lanagatik asko bidaiatzen dut, baina ez dut astirik emakumeen gaietan sakontzeko.

Zaila egiten al zaizue botere eremuak eskuratzea?
Lidertza maskulinoak oso indartsuak dira maputxeen artean. Mugimendu politikora heltzean, norbaiten bikotekidea zara, edo hor zaude norbaiten bikotekide izateagatik. Horregatik, emakume gazteak horri buelta ematen saiatzen gabiltza. Gainera, jarrera feministak txiletarrekin lotzen dituzte, mendebaldeko kulturagaz. Esaten dute jarrera horiek inoiz ez direla izan indigenenak, baina hori ez da horrela.

Hori kulturalki ere igarriko da.
Bai, Palin jolasean, adibidez, aspaldi mantentzen diren jolasetako batean. Diktaduran gizonak soilik jolasten ziren. Orain, geu ere hasi gara jolasten, eta txarto ikusten dute batzuek. Emakumea inoiz ez dela jolastu, feminaziak garela, kultura tradizionala hausten gabiltzala...

Mapuzungun hizkuntza berreskuratzen zabiltza. Baina ez da zure ama hizkuntza. Zelan piztu zitzaizun jakin-mina?
Nire hirian, Araucon, maputxe kultura ezabatu egin zuten. Izan ere, Concepcionetik oso gertu dago, espainiar kutsuko hiri esanguratsuena da. Mapuzungunak beti erakarri izan nau, nik uste odol kontua dela. Zerbait falta nuenaren sentsazioa nuen. Nire familia egun batez izan zenera hurreratu gura nuen. Konturatu nintzen oraindik bazegoela berba egiten duen jendea, eta eurek ezagutzen hasi nintzen. Azkenean, 21 eguneko ikastaro trinko bat egin nuen. Gero, Araucora bueltatu eta tailerrak eskaintzen hasi nintzen, nekien apurragaz. Orain, Angolen, Concepcionen eta Temucon nabil irakasle. Gazte maputxeen zirkulu bat egin dugu Concepcionen.

Hiztun asko zarete? Zer egoera bizi du hizkuntzak?
Oso hiztun gutxi ditugu. Gainera, kontua da errealitatean ez dakigula zenbat maputxe garen zehazki. Erroldetan gero eta gehiago onartzen dira maputxe lez. Nik uste mapuzunguna dakigunok ez garela 200.000tik pasatzen, baina %1 soilik bizi da bere hizkuntzan. Hiztegia sortzea falta zaigu, gramatika arautzea, eta hizkuntza estandar bat lantzea ere bai. Txilen herri indigenak ez daude errekonozituta; Argentinan bai, baina ez die askorik balio. Hizkuntza ofiziala gaztelania da. Bacheletek, aginteko azken hileetan, mapuzunguna ofizializatzeko asmoa agertu du, herritarren mugimenduak eskatu ostean. Baina, ofizialtasuna berreskuratze-plan bategaz lotuta egon behar dela uste dugu. Guk ez dugu soilik argazki bat ateratzea gura.

Euskal Herrian zer esperientzia duzue eredutzat?
Euskal Herrian egin dena erreferentzia lez hartu izan dugu. Esaterako, barnetegien antzerakoak egin ditugu, eta Korrika eredu hartuta, mapuzungunaren aldeko martxa bat. Egunkari digital bat ere martxan ipini dugu orain. Zuen kasua ikusita, 80 urtegaz lanean jarraitu beharko dudala ulertu dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!