Abestiak nola nahastu ikasten, Zigor DZren gidaritzapean

Aritz Maldonado 2017ko aza. 16a, 11:08

Iazko ikastaroen (Soinu eta argi teknikaria izateko eta Nola antolatu kontzertu bat) arrakasta ikusita, ildo bereko tailerrak eskaintzen jarraitzea erabaki dute Plateruenean.

Horrela, Zigor DZ (Selektah Kolektiboa, Esne Beltza) disko jartzaile entzutetsuaren gidaritzapean, DJ izateko oinarrizko ezagutzak ikasiko dituzte sei saio dituen ikastaroan. Asteon hasi den ikastaroko saioak Elorrioko Ateneon (martitzenetan) eta Plateruenean (eguaztenetan) dira.

Ikastaroa praktikoa izango da gehien bat, eta oinarrizko ezagutzak landuko dira. “Zigorrek berak erabiltzen duen mahaia ekarriko du. Mahai horren erabilera, abestien nahasketak nola egin, eta hainbat irizpide erakutsiko ditu”, azaldu du Ihintza Orbegozo tailerreko arduradunak. Zigor DZ-k biniloekin jartzen du musika, eta horrek are erakargarriago egiten du tailerra. “Zerrenda bat sortu eta play botoiari eman beharrean, sortzaile lanak egiten ditu, eta interesgarriago egiten du horrek”, gehitu du Orbegozok.

Hamar bat lagunek eman dute izena ikastaroan, eta giro lagunkoi horretan jarduteak errazago egiten ditu saioak. “Kopuru egokia da materialagaz guztiek probak egin ahal izateko”, bukatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!