Hamar urte bete ditu Jesuiten Etxeak. Premiak berdinak dira gaur egun?
Profila aldatu da apur bat. Duela hamar urte nahiko ezkutuan bizi ziren etorkinak, patera pisuetan. Ezkutuan, erroldatu gabe. Ez zuten zerbitzurik edo diru-laguntzarik eskatzeko eskubiderik. Ez ziren existitzen. Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta lan egiteko baimena lortzeko, ezinbesteko baldintza zen urtebete erroldatuta egotea —2012tik aurrera, hiru—. Nahiko isolatuta bizi ziren, jatorrizko herrialdeko elkarte edo talde gutxi zeuden, eta bizitokiaz gain maila afektiboan ere premia handia sentitzen zuten. Gehienek harreman gutxi zituzten. Pateran iritsiak ziren asko, eta Durangon agertu ziren. Eskolak eta bizitokia eskaintzeaz aparte, asteburuko planak egiten genituen. Desberdina da orain.
Zein zentzutan?
Pisuetan, erdi ezkutuan bizi dira asko, baina etorkinen jatorrizko herrietako elkarte eta taldeak ugaritu, indartu egin dira urte hauetan: meskita bi daude inguruan, Ghana edo Nigeriako eliza ebanjelikoak, elkarte folklorikoak... Gaur egun etorkinek arlo afektiboan ez dute behar lehen besteko sostengua, babestuago daude.
Nola sortu zen Jesuiten Etxea?
Hainbat gauza batu ziren: batetik, irakasle izandako zenbait jesuita jubilatu ziren, denbora eta prestakuntza zutenak, eta, bestetik, jesuiten artean bazen halako sentsibilitate bat etorkinei eta errefuxiatuei laguntzekoa. Gauzak horrela, ikusi genuen gure etxean jesuita gutxi geundela, eta tokia genuela. Aurretik, Durangaldeko Mankomunitateagaz, Karitasegaz, Durangoko Udalagaz eta beste erakunde batzuekin harremanetan jarrita geunden, etorkinei begira zeintzuk premia zeuden jakiteko. Premiazkoa etxea zuten etorkinek, erroldan agertu eta eskubide guztiak bereganatzen joan zitezen. Gure indarrak eta haien premiak aintzat hartuta, aurrera egin genuen 2006an.
Hamar urteotan zenbat lagun bizi izan dira Jesuiten Etxean?
Guztira, 49 lagun bizi izan dira gugaz. Gehienak 20-40 urte arteko gizonak eta Afrika beltzetik etorritakoak: Senegal, Boli Kosta, Nigeria, Mali, Ekuatore Ginea eta Ghanatik. Marokotik eta Saharatik ere bai. Bi emakume baino ez dira egon: bi seme-alabekin etorritako andre saharar bat eta Errumaniako neska bat.
Proiektu inklusiboa da. Zenbat denbora egiten dute zuekin?
2012an legea aldatu zen arte, urtebete egiten zuten gurean. Hori beteta, diru-laguntzak eskuratzen zituzten eta independizatu egiten ziren. 2012tik aurrera, berriz, bigarren urte bat ere bermatu ahal izateko, pisu bat daukagu Durangon, Jesuiten Etxearen babespean. Beste erakunde edo elkarte batzuekin lortzen dute legeak eskatutako hirugarren urtea betetzea. Hemen bizi bitartean ikasi egin behar dute, betebeharreko baldintza da hori. Ez dugu gura gazte hauek kalean lan beltzean edo ezer egin gabe egotea. Hezitzaileak gara, formakuntza ematen diegu, eta diziplina, manerak, ordutegiak... ere lantzen ditugu.
Nola doa gero gizarteratzea?
Lan munduan sartzeko, hizkuntza muga handia dute. Gaztelania beharrezkoa dute, ez bakarrik kontratu bat lortzeko, ikastaro bat egiteko ere bai. Bestalde, non bizi garen eta gure egoera linguistikoa ere azaltzen diegu, euskara ere ikasi behar dutela. Izan ere, gehienak inguruan geratzen dira. Ez da oso ohikoa, baina hemen bizi izan zen gizon bat Elorrioko neska bategaz ezkondu berri da. Batzuk Europara doaz, familiakoak han dituzte-eta. Jaioterrira itzultzea porrota da beraientzat, jasanezina, esaten digutenez. Lan bat aurkitu eta diru pixka bat aurreztu ostean bueltatzen dira, sei-zortzi urtera. Han ezkontzeko.
Hamarkada beteta, nolakoa da balorazioa?
Galdera ikur askogaz, baina amets bat izan da guretzat Jesuiten Etxea. Orokorrean, oso pozik gaude, eta eurak ere bai. Eskertuta. Batez beste, 80 urte ditugu guk, eta gure arteko berbagaiak eta munduarekiko gure kezkak eguneratzeko, gaur egunera ekartzeko, ondo etorri zaigu. Gaztetasuna, itxaropena, ilusioa... ekarri dizkigute. Migrazioaren ozeano izugarrian tanta bat dira, baina guretzat esanguratsuak dira.
Oraindik ere premiazkoa da proiektu hau?
Bai. Hala ere, etorkizunari begira zalantza asko sortzen zaizkigu. Errefuxiatuak etortzekoak dira, ez dakigu noiz, baina administrazioak denpora batean emango die babesa. Eta gero, zer? Gobernuz kanpoko erakundeok hartu beharko dugu esku. Egia da zortzi jesuita gaudela, zahartu egin gara, eta gero eta gehiago kostatzen zaigu. Eskerrak laiko talde bat dugula lan bolutarioa egiten. Jubilatu batzuk etortzen dira eskolak ematera, eta beste herritar talde batek ere, gazteagoak, lagundu egiten digu asteburuetan ekintzak antolatzen.
Ongietorri Errefuxiatuak eta Arroces del Mundo elkarteekin lankidetzan ari zarete. Nolakoa da elkarlan hori?
Zubiguneak sarean etorkinekin edo arlo sozialean lan egiten dugun 10-15 elkarte gaude, eta hainbat ekintza egiten ditugu. Aberasgarria da. Mankomunitateko gizarte teknikariekin ere bagabiltza. Elkarri laguntzeko modua da.