Etxerik etxeko laguntza zerbitzua arautuko du Amankomunazgoak

Markel Onaindia 2017ko aza. 9a, 11:36

CCOO sindikatuak protesta egin zuen joan zen zapatuan Durangon, mendeko pertsonen etxerik etxeko laguntza zerbitzuan lan falta dagoela salatzeko. Euren arabera, 2011n 80 ziren Durangaldeko zerbitzuan lanean zeuden laguntzaileak, eta gaur egun 37 dira. Horregatik, “herritarrentzat oinarrizkoa den zerbitzua” sustatzea eskatu zioten Amankomunazgoari.

Amankomunazgoa zerbitzurako arautegi bat sortzen dabil, Aitor Lopez presidentearen esanetan. Hala ere, CCOOren kritikei erantzun die. Alde batetik,  “ez da zuzena” langile murrizketaren datua. “80 laguntzaile inoiz ez dira egon lanean Durangaldean”. Bestetik, langile kopuruaren murrizketa bat egon dela onartuta, Lopezek argitu du eskariaren araberakoa dela. “Guk gure zerbitzua defendatzen dugu, profesionala delako. Baina, kontua da beharrizana txikitu dela. Orduak behera doaz, jende batek prestazio ekonomikoa aukeratzen duelako zerbitzuaren aurretik. Guk ezin ditugu behartu zerbitzua aukeratzera”, azaldu du presidenteak.

Lopezek esan du ulertzen dituela langileen erreklamazioak, baina gogoratu du enpresa batekoak direla, Amankomunazgoak kontratatzen duena. Gainera, enpresak ere ez ei du langilerik kaleratu, aurrejubilatu soilik.

Uneotan, mendeko direnek ezin dituzte adituen laguntza eta prestazio ekonomikoa batera eskatu. Baina, Amankomunazgoko gobernua (EH Bildu-Herriaren Eskubidea) arautegi bat lantzen dabil, eta zerbait malguagoa egin gura du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!