Eguenean hasiko da Begira Photo jaialdiaren zazpigarren edizioa

Itsaso Esteban 2017ko urr. 24a, 14:26
Leo Simoes Begira Photoren zuzendaria, Ros Boisier argazkilaria eta Garazi Arrizabalaga Durangoko Museoaren arduraduna.

Urriaren 26a, Kurutzesantu Museoan zabalduko duten erakusketak abiatuko du Begira Photo jaialdiaren zazpigarren edizioa. Aurten jaialdi horrek lehenengoz antolatu duen argazki lehiketaren irabazlearen, Jon Gorospe gasteiztarraren, N. Mountains bilduma egongo da, eguenetik azaroaren 18ra arte,  Kurutzesantun ikusgai. Museo horretan aurkeztu dute, gaur, Begira Photoren zazpigarren edizioak dakarren eskaintza.

Aurten mendia izango da Durangoko jaialdiaren gaia, eta aurreko edizioetan bezala, argazkilaritza garaikideari loturiko askotariko ekimenak ekarriko ditu Durangaldera; erakusketak, berbaldiak eta topaketak izango dira, besteak beste. Iaz hasitako bidean jarraituz, Durangotik kanpo, Iurretan eta Zornotzan ere izango dira Begira Photo jaialdiko ekintzak, aurten. Iurretako Askondoko karpan Tontorrera iristea erakusketa kolektiboa ipiniko dute; eta Davide Maria Ferrari, Carla Andrade, Moreno & Grau eta Martin Ruedaren argazkiak biltzen dituen Gailurrak erakusketa egongo da, Zornotzako Zelaieta zentroan.

Leo Simoes jaialdiaren zuzendariak azaldu duenez, aurten lehenengoz, Zarauzko Photomuseumera eta Bilbaoartera ere zabalduko da Begira. Paisaiaren eraikuntza erakusketa ipiniko dute Zarautzen ikusgai, Begiraren eskutik.

Simoesek aurreratu du, bestalde, Begira Photoren barruan bi argitalpen kaleratuko dituztela: jaialdian parte hartzen duten egileek idatziriko hainbat testu bilduko dituen aldizkari bat argitaratuko dute, batetik. Bestalde, aurten lehenengoz antolatu duten argazkigintzari buruzko saiakera lehiaketa irabazi duen Alejandro León Cannock perutarraren El devenir imagen del mundo. Anotaciones sobre la revolución fotográfica testua ere kaleratuko dute, jaialdiko egunetan banatzeko. 

Boisier, argazki liburuez

Begira Photo jaialdiaren gaurko aurkezpenean Ros Boisier argazkilari txiletarrak ere parte hartu du. Izan ere, narratiba fotografikoari buruzko hitzaldi bat eskainiko baitu Durangoko jaialdiaren barruan. Azaroaren 2an, 19:00etan, BilboArten eskainiko du hitzaldia Boisierrek. 2015ean Pérdida argazki liburua argitaratu zuen txiletarrak, eta egun, argazki liburuen inguruko ikerketa bat egiten eta editore lanetan ibiltzen da.

Askotarikoa da dakarren eskaintza, eta jaialdiaren webgunean dago ikusgai 2017ko Begira Photoren programazio osoa.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!