Baserrien eta inguruen bilakaera ezagutzeko ibilaldia egingo dute

Joseba Derteano 2017ko urr. 17a, 11:55
Izurtzan baserrietatik ibili ostean Etxaburutorren amaituko dute ibilaldia.

Durangaldeko ondarea ezagutara emateko Gerediaga Elkarteak antolatzen dituen jardunaldien barruan, Izurtzako eta Iurretako paisaiak eta historia ezagutzeko aukera eskainiko dute asteburuan.

Izurtzan zenbait garaitako baserrien artetik oinezko ibilbide gidatua egingo dute. Baserrien eta inguratzen dituen paisaiaren, harrobien, baratzen, zuhaitzen eta abarren bilakaera behatuko dute. Ibilaldia Etxaburutorren amaituko da. Toki horretan soinu-paisaiaren inguruko lanketa bat egingo dute gaztetxoekin. Soinuen eta zaraten arteko desberdintasuna kulturala eta indibiduala dela azpimarratzea da tailerraren helburua, eta horregatik jendeak giro jakin batzuk bilatzen edo saihesten dituela erakustea.

Bi ibilaldi egongo dira: 10:30ean euskarazkoa eta 12:00etan gaztelerazkoa. Fosroc Euko enpresaren aparkalekuan jarri dute elkargunea.

Iurretan, hilerria
Iurretan zapatuan egingo dute ondare jardunaldiei lotutako ibilbidea. Iurretako hilerrira joango dira. Izan ere, 2014an hileta-arteari eta paisaian duen integrazioari eskainitako estatuko lehiaketan finalera heldu zen Iurretako hilerriko diseinua. Arkitektoak, Angel Basabek, hilerri-modelo horren hautua zergatik egin zen azalduko du eta zelan integratzen den bere inguruan. San Migel plazan jarri dute elkargunea; 16:30an euskarazkoa hasiko dan eta 18:00etan, gaztelerazkoa.

Ekimen batean zein besstean parte hartu ahal izateko aurretik izena eman beharra dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!