Estreinaldiaren atarian, ‘Errementari’ filmeko partaide izatearen ilusioa umeen begietan

Itsaso Esteban 2017ko urr. 13a, 09:28

Sitgeseko Zinema Fantastikoaren nazioarteko jaialdian, film fantastikoen sailean estreinatuko dute Errementari filma, gaur. Lantalde artistikoan zein teknikoan Durangaldeko hainbat partaide izan ditu Paul Urkijo arabarrak zuzenduriko film horrek.

Kandido Uranga, Ramón Agirre, Josean Bengoetxea, Jose Ramón Argoitia eta Eneko Sagardoy aktore ezagunekin, Durangaldeko lau ume agertzen dira Errementari pelikulan: Nahia Garcia (12 urte), Uma Bracaglia (9 urte), Haizea Garcia (10 urte) Eta Eloi Ruiz de Erentxun (11 urte).

XIX. mendean Araban kokaturiko istorioa da Errementari filmean kontatzen dena. Neskato umezurtz batek baso zarratu batean bizi den Patxi errementariaren sekretua deskubritzen duenekoa kontatzen du filmak.

Filmaren aitzakian lagunak egin dira Nahia, Uma, Haizea eta Eloi Durangaldeko haurrak, eta nahiz eta “aspaldiko” kontuak diren, oso gogoan dituzte filmari lotuta bizi izandako esperientziak. Platerueneko mahai borobilean jesarrita azaldu dizkiote ANBOTOri.

Castingeko oroitzapenak

Adibidez, castinga dute gogoan. Hautaketa probetan “denbora guztian beldur aurpegia ipintzeko eskatzen ziotela” akordatzen da, adibidez, Uma Bracaglia. “Txulita” plantak egin zitzala eskatzen ziotela kontatu du, aldiz, Haizea Garcia atxondarrak. Batzuek gurasoei baimena eskatu zieten hautaketa prozesu horretan parte hartzeko, eta beste batzuei, hain justu ere, euren gurasoek proposatu zieten aurkeztea. Filmean parte hartu ahalko zutela jakiteak eragin zien ilusioa antzematen da beraien begietan baietza jaso zuteneko uneaz dihardutenean.

Arabako Korres herrian egindako grabaketetan ibili ziren elkarregaz Durangaldeko lau haurrak . Grabaketatik makillajeko ordu amaigabeak, pasatu zuten hotza, jantziak, “janaria oso gozoa zegoela eta nahi beste jan” zezaketela gogoratzen dute, besteak beste. “Paul oso majoa eta pazientzia handikoa” zela ere bai. Izan ere, filmean “minutu batekoa den eszena bat” osatzeko egin beharreko lan guztiaz ohartu baitziren lau antzezleak, Errementari filmaren grabazioan.

Antzeztea gustatzen zaie laurei, baina bestelako zaletasunak ere badituzte. Balletean elkarregaz dabiltza Eloi eta Uma, Haizea ere dantza eskoletara joaten da, eta atletismoa egiten du Nahiak. Futbola eta musika ere gustatzen zaizkie.

Ez dute pelikula oraindik ikusi, baina Errementari filmaren bigarren partea egingo balute, dudarik barik berriro parte hartzeko prest leudeke laurak, zinemako aktore moduan jardutea gustuko dutelako. Dantzari buruzko film bat egitea ere gustatuko litzaiekeela diote laurek.

_________________________________________________________________________________________________

Eneko Sagardoy Aktorea (Durango, 1994)

Sartael deabruaren papera egiten du Eneko Sagardoyk Errementari pelikulan. Sartaelek Harren ganbara eta emeen sotoa antzezlanean gorpuztu zuen pertsonaiaren antza duela dio aktore durangarrak, eta “antzerkiko lengoaia zinemara ekartzeko aukera”, eman diola. “Fisikoki oso pertsonaia exijentea da”, nabarmendu du Sagardoyk. “Beldur handia ematen du, baina, aldi berean, estereotipoetatik aldentzen den deabru bat da, eta uste dut ikusle batek baino gehiagok enpatizatuko duela beragaz”, dio Sagardoyk: “Deabrua benetan nor den kolokan jartzen da filmean; lur azpian baino, lurrazalean ez ote dauden deabruak...”. 2016ko abenduan eta aurtengo urtarrilean egin zuten Errementari filmaren filmazioa, baina Durangoko antzezlea iazko udan hasi zen bere pertsonaia prestatzen. Pelikula ikusteko irrikan dago, eta espektatiba oso altuak dituela aurreratu du. “Aurreikusten dut pelikula inpaktantea izango dela; magia eta fantasia handikoa”.

_________________________________________________________________________________________________

Lara Izagirre Gariza Films ekoiztetxea (Zornotza, 1985)

Proiektuan hasieratik parte hartu duen Gariza Films ekoiztetxearen arduraduna da Lara Izagirre zinema zuzendari zornotzarra. “Filmeko protagonistetako bat ume bat izango zelako, eta guk Un otoño sin Berlin filmean egin genuen lana gustuko zutelako ipini ziren gugaz harremanetan”, azaldu du Izagirrek. Umeen castingaren ardura izan du Zornotzako ekoiztetxeak, eta baita filmazioan umeekin entseguak egitearena ere. Gariza Films-ek parte hartu duen lehenengo koprodukzioa da Errementari. “Oso pelikula ausart eta harrigarria” da Izagirreren berbetan. “Guk orain arte egin ditugunetik oso urrun dagoen proiektu bat da, baina oso berezia iruditzen zaiguna: euskaraz egiten den fantasiazko lehenengo film luzea da, eta horrek balio handia duela uste dugu. Gainera, zuzendariaren lehenengo film luzea ere bada”. Astelehenetik Vitoria 3 de marzo filmean lanean dabil Gariza Films. “Kontatu beharra zegoen istorio bat, zine soziala”, kasu honetan.

_________________________________________________________________________________________________

Diego Martin Atrezzista (Durango, 1976)

Filmazioko atrezzista lana egin du Diego Martin durangarrak Errementari pelikulan. Dekorazio departamentuaren barruko lana da atrezzistarena, eta grabazioak irauten duen bitartean dekoratu guztiak behar bezala egotea da bere ardura. Dozena bat urte daramatza Diego Martin durangarrak lan horretan. Aurten, Cuando dejes de quererme edo Morir filmeetan egin du lan, besteak beste. Duela bi urte, Aitaren etxea telebistako sailean ibili zen. “Errementariko istorioa 1840koa izanik, pelikulan agertuko diren objektuek sasoi hartakoak diruditela ziurtatzea izan da nire lana, filmaren anbientazioa”. Ez du oraindik filma ikusi, baina oso asebeteta dago egindako lanagaz.“Euskal Herrian ez delako ohikoa euskarazko film fantastikoak grabatzea, eta bertan parte hartzeko aukera izan dudalako”, adierazi du. Orain, Vitoria 3 de marzo filmaren grabaketetan dabil. Aste honetan hasi dute filmazioa, eta dekoratuen prestaketan dabil Martin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!