“Estereotipoak onartzen ditugunean gure aurkako tranpa bat sortzen ari gara”

Aitziber Basauri 2017ko urr. 14a, 10:30

Adinkeria gure gizartean ematen diren hiru diskriminazio mota handienetako bat da arrazismoaren eta sexismoaren atzetik. Emakume zaharrek pairatzen dute diskriminazio hori, batez ere, eta gizartean oso modu naturalizatuan dago ezarrita. Horri aurre egiteko, ‘Zaharalduntze feminista’ tailerrak antolatu ditu Bizitzen Fundazioak Durangaldean. ANBOTOk Isabel de Blas Bizitzen Fundazioko Berdintasun proiektuetarako teknikaria elkarrizketatu du.

Adinkeria da pertsona bat adinarengatik diskriminatzea. Gero eta hedatuago dagoen diskriminazio mota da?
Bai. Oso barneratuta daukagu adinkeria. Mikroadinkeria piloa ematen dira egunero. Mikro horrek ez du esan gura txikiagoak direnik, oso barneratuta, normalizatuta, daudela baizik. Naturalizatuta daude. Adin batera heltzean edo zahartzarora heltzean, oso estereotipatuta gaude eta estereotipo horiek bazterketara garamatzate. Bereziki, emakumeak. Adinkeria eta sexismoa edo matxismoa gurutzatzen direnean, bazterkeria askoz ere latzagoa izaten da.

Zeintzuk dira egunero emandako mikroadinkeria horiek?
Adibidez, emakume zahar bat amama izatea espero izatea. Emakume zahar bati amama deitzea. Ez dauka zertan amama izan. Izan liteke bestelako harreman batzuk izatea eta ez familiarrak, beti amatasun eta amamatasun horretan oinarrituak. Edo zaintzailea izan behar duen uste hori: tuperrak egiten dituena. Horregatik aukeratutako leloa: Tuperrak prestatzeko baino gehiagorako gara.

Mikroadinkeria horiek landu gura dituzue tailerretan?
Gura duguna da emakume zaharrek euren egunerokoan zeintzuk adinkeria jasaten dituzten identifikatzea eta gazteagoek barneratuta ditugun mikroadinkeria horiek ikusten joatea. Adinkeria identifikatuko dugu, ondo ulertu. Betaurreko horiek jantzi eta egoera horien aurrean andrek eurek zer egin gura duten azaltzea gura dugu. Emakumeak batzea ez da oso ohikoa eta hori berori pauso bat da ahalduntzeko prozesuan. Horren barruan, zenbait belaunalditako andrak batzea ere ahalduntzeko beste era bat da. Gazteak ere bai, baina, bereziki, emakume zaharrak, zaintzan estereotipatuak, arlo pribatutik atera eta beste batzuekin elkartzeak ahalduntzeko balio du.  

Emakume zahar eta gazteei zuzendutako tailerrak dira?
Nagusiei bideratuta daude, baina belaunaldi arteko tailerrak dira. Adinetik haratago gure artean errespetuz jokatzeko, adinkeriarik gabe jokatzeko. Batzuek besteengandik ikasteko ere bai.

Adin tarte gero eta zabalagoa da zaharrena.
Gizartearen zahartze prozesua bizi dugu. Gero eta urte gehiago bizi gara, eta andren bizi-itxaropena gizonena baino altuagoa da. Emakume zaharrak etorkizuna izango gara. Baina, horrek ez du esan gura hobeto biziko garenik. Gure bizitza urteetan zenbat eta luzeagoa izan, jazarpena gogorragoa da kuantitatiboki zein kualitatiboki. Egungo gizartean zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta botere gehiago galtzen dugu. Egoitza batean sartzean ere, intimitate osoa galtzen dute, erabakitzeko aukera.

Botere galtze horri aurre egitea da  helburua?
Desjabetze edo desahalduntze horri aurre egitea da helburua, baina ez bakardadetik abiatuta, kalean baizik. Emakumeak saretzea ere bada helburua. Feminismotik oso argi izan dugu beti ahizpatasunean oinarritutako andren arteko harremanek, saretzeak, ahaldundu egiten dutela, bai arlo pertsonalean, bai kolektiboan. Emakume gazte eta nagusiek osatutako sarea osatzea da helburua, adinkeria ezagutzera emateko eta horri aurre egiteko. Adinkeria hor dago, eta behin betaurrekoak jantzita ikusten da, bazter guztietan.

Belaunaldien arteko esperientziak partekatzeko eta eztabaidatzeko erreferenteak falta direla ere badiozu.
Emakume zaharren inguruan dagoen adinkeriak itsutu egin gaitzake, edo erreferente faltaren sentsazioa eman. Amama ez den beste erreferente batzuk falta ditugu, eta arlo horretan lan egin behar da, erreferenteak bilatzea oso garrantzitsua da. Izan ere, emakume zaharrei buruzko estereotipoak onartzen ditugunean gure aurkako tranpa bat sortzen ari gara emakumeok: zahartzarora heltzean estereotipoak ere jazarpen moduan izango ditugu aurrez aurre, eta uneren batean horretan sinetsiko dugu. Tranpa horretan ez jausteko ere egin gura dugu lan.

‘Zahar’ hitza azpimarratuko  duzue tailerretan?
Bai. Euskaraz ‘atsoa’ edo ‘agurea’ izateak balio desberdina dute. Guk emakume zaharrari eman gura diogu balioa. Estereotipoz jositako berba da ‘atsoa’: ‘okerra’, ‘sorgina’, ‘mesfidantzaz begiratzekoa’… baina, bestetik, zaintza guztia berari ematen diogu. Emakume zaharrak hori baino gehiago dira, eta gero eta talde hetereogeneoagoa izango dela uste dugu.

Gizartea da adinkeria horretan murgiltzen gaituena?
Estereotipoak gizarteak sortzen ditu, guk geuk. Adibidez, telebistan azaltzen diren emakumeak 30-40 urtera artekoak dira, asko jota. Bat-batean desagertu egiten dira, eta berriz agertzean, zahartuta, askotan ridikulizatuta azaltzen dira. Gizartean edertasuna eta gaztetasuna botereagaz lotzen dira eta zahartzaroa ez da edertasun kanon jakin batean sartzen; andrak boterea galduz doaz. Inbisibilizatzen doaz gure emakume zaharrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!