Aniztasun funtzionala dutenei bideratuta dagoen ligako lehenengo partidua joan zen asteburuan jokatu zuten, Castelló-n (Valentzia), eta sekula ahaztuko ez duten bizipena izan zela adierazi dute. “Urte asko joan ostean ere ondo gogoan izango dugun asteburua izan da”, dio Saioa Ortizek.
Bost jokalarientzat futbola ez da kirol arrotza. Geu Be elkarteko kideak dira eta izen bereko taldeagaz Euskadiko Ligan jokatu izan dute. Baina Athleticen jokatzea “beste mundu bat” dela onartu du Javi Nuñezek. Denak Athletic zaleak dira — Nuñezek Athleticen lehoia tatuatuta du hankan— eta “ilusioz” ez ezik “erantzukizun handiz” dihardute. “Amets bat da eta oso pozik gabiltza, baina badakigu Athletic zer den eta ez gabiltza denborapasa”, abisatu du elorriarrak.
Sentimendu asko pilatu zitzaizkien Castelló-n emandako asteburuan. Autobusetik jaitsi eta zaleak txaloka zain izatea “hunkigarria” izan zela gogoratu du Ortizek. Aldageletan, hastear zegoen partiduan zentratuta zeudela, urduritasunak hartu zituen. Harrotasuna gailendu zitzaien ondoren, zelaira irteterako momentuan. Une berezia izan zen Saioa Ortiz taldeko kapitainarentzat, denen buruan Athleticeko bandera eramateko ardura izan zuelako. “Badakit aitita oso harro egongo zela nitaz, Athletic zale sutsua zen eta”, gogoratu du. Partiduan Aitor Alberdi bihurtu zen protagonista. Bere idoloa den Iker Muniainen 10 zenbakidun kamiseta jantzita, gol erabakigarria sartu zuen. Atezainaren aurrean bakarrik geratu eta, odol hotza erakutsiz, hanka artetik sartu zion baloia. Eta zoramena nagusitu zen jokalari eta zaleen artean. “Duda barik gure zaleak izan dira denetan onenak”, ziurtatu du Vadillok.
Saioa Ortiz, Aitor Alberdi eta Sergio Vadillo sentimendu horiek denak kontrolatu guran zebiltzan bitartean, bestelako sentipen bat nagusitu zitzaien etxean geratu ziren Suzette Amilibiari eta Javi Nuñezi: inbidia. Urtarrilean Tarragonan jokatuko den bigarren jardunaldian helduko da euren txanda. “Egutegian markatuta dut eta, gaurtik hasita, egunero atzerako kontaketa egiteko asmoa dut”, dio Nuñezek.
Asteburuan hiru partidu jokatu zituzten. Coruñako Deportivoren kontra irabazi, eta Valentziaren eta Espanyolen kontra galdu egin zuten. Porrotek ez dute aitzakiarik, “joko aldetik gehiago izan ziren”.
Futbol Profesionaleko Ligak antolatzen du Genuine Liga. Hamazazpi taldetik Athletic hamaikagarren tokian dago lehenengo jardunaldiaren ostean. “Gorantz egin behar dugu”, animatu ditu Nuñezek taldekideak, sailkapenaren berri jaso duenean. Badago beste sailkapen bat, irizpide moduan kiroltasuna darabilena. Talde bakoitzeko entrenatzaileek emandako puntuekin osatzen da. Sailkapen horretan hirugarren daude. Lehia eta kiroltasuna bateragarriak direlako. “Oso giro ona sortu zen denon artean. Beste taldeetako jokalariekin zein zaleekin ederto konpondu ginen”, Ortizen arabera.
Errepikatzeko desiatzen
Jose Alfaro Geu Be elkarteko kidea Athletic zaleen konboiko partaide izan zen. Sentimenduei dagokienez, hauentzat ere errusiar mendia lakoa izan zen asteburua. Valentziarako bidean, Loiuko aireportuan, ‘Athleeeeeetic, ieup’ animo oihua ezin izan zuten bukatu. “Hirugarrena abestu orduko lar emozionatuta geunden”, gogoratu du.
Asteburu gogoangarria izan da, alde guztietatik. “Egitasmoak integrazioaren alde urratsak ematea du helburu eta alde horretatik oso aberasgarria izan dela uste dut. Giro ederra eta ilusio ikaragarria bizi izan genituen”.