Kalean da Astola urtekariaren 11. zenbakia

Itsaso Esteban 2017ko urr. 9a, 11:06

Gerediaga Elkartearen ekimenez orain hamaika urtez argitaratzen hasi ziren ikerketa eta historia urtekariaren 11. zenbakia aurkeztu dute, gaur. Durangaldeko historiari, ondareari eta gaurkotasunari buruzko bederatzi erreportaje bildu dituzte urtekarian, Gerediaga Elkartearen enkarguz osaturikoak batzuk, eta orain arte argitatu barik zeudenak, beste batzuk.    

Markel Onaindia ANBOTOko kazetariak eskualdeko artzaintzaren inguruan idatziriko erreportajea; Jesus Muñiz arte historialariak Kurutziagako kurutzeari buruz osaturikoa; memoria historikoaren arloan 40 urtean egindako lanari buruz Iban Gorritik eta Jon Irazabalek idatziriko artikulua; Mikel Onandiak Durangoko eskultura publikoei buruz prestaturikoa; argazkilari minuteroen ogibideari buruzko Jose Mari Uriarteren lana; Mª Carmen Navarro biologoak Durangaldeko artadiei buruz idatziriko artikulua; Felix Muguruzak Durangaldeko herri-izenei buruz idatzirikoa; Joseba Gorostizak Durango Merindadeko Amankomunazgoaren historiari buruz osaturikoa eta Berrizko Besoitaormaetxea baserriaren inguruan Teresa Campos arkeologoak osturiko artikulua biltzen ditu 2017ko Astolaren aleak.   

Aldizkariaren mila ale kaleratu dituzte, eta bost euroan, honako saltokiotan daude eskuragai: Durangoko Arteka, Etxebarria, Hitz eta Urrike liburu-dendetan; Iurretako Urki eta Iurretakopin; Elorrioko Kamikopiak eta Ilargin; Abadiñoko Arrinda estankoan eta Petiten; eta Berrizko Amalur liburu-dendan eta Etxebarria estankoan. Bestalde, kaleratu berri duten 11. alea zein aldizkarien beste hainbat ale azaroaren 4an, Durangoko Andra Mari elizpean, ipiniko duten erakusmahaian ere izango dira salgai.

Eskultura publikoei buruzko bisita gidatua

Urtekariaren 11. alearen azaleko argazkian agertzen den eskulturaren alboan eskaini dituzte, gaur, argitalpenari buruzko azalpenak Izaskun Ellakuriaga erredakzio kontseiluko kideak eta Txelu Angoitia argitalpenaren koordinatzaileak. Izan ere, Mikel Onandia Durangoko arte historialariak urtekarirako idatzi duen Arte y espacio público artikuluari lotuta, bisita gidatu bat antolatu baitu Gerediaga Elkarteak.

Azaroaren 5ean (10:00etan, gazteleraz; eta 12:00etan, euskaraz) eskainiko du Mikel Onandiak Durangoko eskultura publikoen inguruko bisita gidatu hori. Ekimen horretan parte hartzeko, gerediaga@gerediaga.eus helbidera idatzita edo 946818066 zenbakira deituta aurrez izena eman beharra dago.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!