Ibilbideko zati bat Durangaldetik igaroko da zapatuan. Trabakutik Oizera sartu eta goizean zehar Garaiko herrigunetik igaroko dira aurrenekoak. Parte-hartzaileek hornidura puntua aurkituko dute bertan. Garai atzean utzita, Iurreta eta Durangotik zehar igaro, eta Landaederratik eta Belatxikietatik pasatuko dira Bilborako bidean.
Trigueros lider dago
Emakumeetan Silvia Trigueros abadiñarra da proba irabazteko hautagai nagusia. Orain arte lehiatu diren hiru lasterketak berak irabazi ditu (Bilbao-Gasteiz, Gasteiz-Iruñea eta Iruñea-Donostia) eta sailkapen orokorreko liderra da alde handiagaz. Beraz, lau probak irabazita geratu daiteke txapeldun. Trigueros sasoian dago, oraintsu Tor des Geants Europako mendi probarik gogorrenetakoan erakutsi duen moduan. 330 kilometroko erronka bigarren amaitu zuen, 97 orduko ahalegina eginda.