Kataluniako prozesua

“Gobernu espainiarra oso berandu konturatu da katalanak serio zihoazela”

Jone Guenetxea 2017ko ira. 29a, 09:20

Kataluniako erreferenduma asteburuko arretagune handienetako bat izango da. Espainiako gobernuak galdeketa oztopatzeko hainbat neurri hartu baditu ere, Kataluniako agintariek erabakitzeko eskubidea gauzatu egingo dela diote. Azken egunotan mobilizazio jendetsuak izan dira Katalunian erabakitzeko eskubidearen alde. Euskal Herrian erreferendumaren alde deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Begotxu Olaizola ANCko ordezkariak.

Zelan bizi duzu momentu honetan Katalunian gertatzen ari dena?
Urriaren 1a iristeko gogoz gaude denok. Nik eta beste kide askok ezin dugu bozkatu ez gaudelako Katalunian erroldatuta, baina bozkatu dezaketenek botoa ematea da gura duguna. Urteen poderioz, konplizitate batzuk sortzea lortu da gizartearen, klase politikoaren, parlamentuaren, gobernuaren eta sindikatuen artean erabakitzeko eskubidea gauzatu dadin. Hori ez da helmuga, fase bat baizik. Lasterketa honetan estatu independente bat lortzeko mugarri bat da. Horregatik, egun garrantzitsua da. Gobernuaren lana erreferendum hori egin daitekeela bermatzea da. Hau da, jakingo dugula non bozkatu daitekeen, egongo direla hautetsontzi eta papeletak. Eta gobernua egin daitekeen guztia egiten ari da hori bermatzeko. Agindu hori jaso du herritarren- gandik eta horixe betetzen ari dira. Urriaren 1a, berriz, herritarren momentua izango da.

Zein giro sumatzen duzu Katalunian?
Herritarrak ahaldundu egin dira. Ez orain bakarrik. Oztopo lasterketa bat izan da urte hauetan guztietan eta xake partida honetan herri katalanak imajinazioa eta umorea erabilita lortu du aurrera egitea. Uste dut jakingo dutela erabaki sorpresiboak hartzen erreferenduma gauzatu ahal izateko. Hortik aurrera, ezer ez da berdin izango. 

Herritarrek zein paper jokatu dute prozesu honetan?
Herritarrek paper garrantzitsua izan dute eta horretan lan egin dute, bai ANC-k, bai Òmniumek. Momentu batean klase politikoak pentsatu zuen herriaren nahi honi erantzun bat eman behar ziotela edo kale egingo zutela. 2012ko Diadan oso garbi ikusi zen. Bestalde, ezin izan da lasai eztabaidatu Katalunia independente baten inguruan, Eskozian gertatu zen bezala, bai aldekoen eta baita kontrakoen aldetik ere. Herriari kendu egin zaio informatzeko eta eztabaidatzeko izan zezakeen aukera hori. Azaroaren 9ko galdeketarako eztabaidak oso ugariak izan ziren. Baina, hilabete hauetan ezin izan da normaltasunez erreferenduma prestatu, baietza edo ezetza bultzatuta ere.

Gobernu zentralaren jarrera zelan baloratzen duzu?
Gobernu honek, ez aurrekoek, ez diete arazo politikoei erantzun politikorik eman. Erantzun judizialak izan dira. Badirudi agintariek ez dakitela beste era batera kudeatzen estatuan gerta daitezkeen gauzak. Kultura demokratikoaren gabezia dago. Gauzak beste era batera egin behar ziren, beste herrialde batzuek egin duten moduan. Horrek ez du esan gura ezin duzunik ezetza defendatu, baina konbentzimenduz, ez tribunalak edo indarra erabiliz.

Kataluniara bidalitako indar polizialak eta Mossoen ardura beste agintari batzuek hartzea kezkaz bizi duzue urriaren 1era begira?
Hau guztia beldurraren estrategia batean kokatzen da. Bereziki, parte-hartzea jaitsi dadin. Horrelako gauzek, baina, kontrako efektua egin dezakete. Aurreko asteko atxiloketak ez dira kasualitate bat izan. Planifikatuta zegoen. Baina, udatik egon diren beldurrean oinarritutako estrategiek ez dute funtzionatu Katalunian. Gobernu espainiarra oso berandu konturatu da katalanak serio zihoazela. Ez du sinetsi gobernu katalana hona helduko zela, ezta herria atzean izango zuela ere. Ostrukarena egiteak ez du funtzionatu eta plan aldaketa egon da. Gainera, inkestek diote beldurrean oinarritutako estrategiek kontrako efektua izan dutela. Parte-hartzeak eta independentziaren aldeko botoak gora egin du inkestetan. Beste urrats batzuk eman dituzte, atxiloketak esaterako. Ez dira oso abilak izan, estatutua alde batera utzita herri katalana mugiarazi baitute. Ez dut uste azken momentuan marra hori gurutzatuko dutenik. Bestalde, herri katalanak erakutsi du lasaitasunez erantzuten badakiela, bide baketsuak erabiliz.

Zer gertatuko da domekan? 
Jendeak bozkatu egingo duela. Gobernu katalana bermatzen ari da traba guztien gainetik erreferendum bat egin ahal izatea. Biolentzia badago, ez da izango herri katalanak bultzatuta. Herritarrek gura duten bakarra erabakitzeko eskubidea gauzatzea da, eta hori guztiz demokratikoa da. Zoritxarrez, ezin da izan oso erreferendum normala. Uste dut baietzak irabaziko duela. Arazoa da gauzak nola izan diren. 

Urriaren 1ean Kataluniara joango zara erreferendum eguna bertan bizitzera?
Euskal Herrian antolatutako mobilizazioetan parte hartuko dut zapatuan. Assembleak atzerriko ANCren ordezkaritza bat joatea beharrezkotzat jotzen badu, joango gara, bestela ez. Hemendik eman dezakegun laguntasuna hemen erakutsi behar dugu. Egun hori katalanen eguna da. Beraien eskuetan dago. Beraiek dute protagonismoa. 

Euskal Herritik Kataluniako prozesua modu berezian begiratzen al da?
Bai, testuinguruak ezberdinak diren arren, uste dut prozesu hauetatik ikasi dezakegula. 

ANCren ordezkaria zara Euskal Herrian. Zein hartu-eman duzu Kataluniagaz?
Galdeketa batzuk eginda zeudenean sortu zen Assemblea Nacional Catalana (ANC). Apurka-apuka saretzen joan zen eta lurraldeka taldeak sortu ziren. Bide horretan, kanpoan bizi ziren katalanen koloniek sentitu zuten eragiteko beharra zutela. Australian, Estatu Batuetan (NewYorkekoa bereziki), Londresen eta beste leku batzuetan talde batzuk sortu ziren. 2013an Euskal Herrian ere behar hori genuela sentitu genuen. Galizian eta Madrilen ere sortu ziren beste talde bi. Nire kasuan, aurretik ere banintzen Assembleako kidea País Valenciàtik. Izan ere, Valentzian bizitzen egon nintzen. Euskal Herriko taldea Bilbo inguruko jendeak bultzatu zuen, inguru horretan katalan asko bizi baitira. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!