Kataluniako prozesua

Zer diote Katalunian bizi diren Durangaldekoek?

Markel Onaindia 2017ko ira. 29a, 09:10

Katalunian bizi dira Mikel Polo, Nerea Elorriaga eta Josean Odiaga, Durangaldetik hara joanda. Euren inpresioak jaso ditugu.

Mikel Polo: "Erreferenduma egiten ez bada, giroa gaiztotu egingo da"

Katalunian sei urte daramatza Mikel Polo Gerrikabeitiak (Zornotza, 1980). Herritarraren begiradaz gain, kazetariarena ere badu. ANBOTOko erredakzioan ibilitakoa da, orain urte batzuk. Katalunian mutur ideologikoak urruntzen dabiltzala eta zerbait gertatzear dagoela uste du.

Erreferenduma egingo dela uste duzu?
Denok egiten dugun galdera da. Poliziaren azken aldiko jarrera ikusita, zail ikusten dut. Hautetsontzi bat non, polizia han egongo dela ematen du.

Aldekoen eta kontrakoen jarrerak argitu direla dirudi...
Jarrera baten edo bestearen alde egiten duten herritarrak elkarrengandik urrunago daude, muturrak urrundu egin dira. Azkenean, erabakitzeko eskubidearen aldeko eztabaida zabala barik, bateraezinak diruditen pentsatzeko modu biren artekoa da. Zeozer gertatu behar duela dirudi. Erreferendumaren aldekoa amorratuta ikusten dut gertatzen ari denagatik. Urriaren 1ean erreferenduma egiten ez bada, giroa gaiztotu eta amorrua handitu egingo da, eta batzuek eta besteek irtenbide bat bilatu beharko diote. Erreferenduma gauzatzen ez bada, negoziazio bat abiatu beharko dute.

Erreferendumari zilegitasuna ematen diozu? Zelan ikusi duzu bere ibilbidea?
Guztiz bidezkoa dela deritzot. Erabakitzeko eskubidearen alde dauden batzuek diote ezin dela erreferenduma horrela egin, berme batzuk behar direla. Baina, jakina, ez dago beste modurik. Espainiako Gobernuak dio negoziatzeko prest dagoela, baina erreferenduma ezin dela mahai gainean jarri. Nazio Batuen Erakundeko gutunak dio herrien borondateak gorpuztu behar dituela legeak, eta ez alderantziz. Hasieran, CIUk eta Masek modu interesatuan abiatu zuten prozesua zela uste izan nuen, ustelkeria estaltzeko komeni zitzaielako. Baina, CUPen presioari esker, Masek dimititu egin zuen, eta erabaki ona izan zen, ustelkeriak prozesua ez zipriztintzeko.

_________________________________________________________________________________________

Nerea Elorriaga: "Hemengo sentsazioa da ez dagoela atzera bueltarik"

Urte batzuk badira Nerea Elorriaga del Arco (Iurreta, 1983) Kataluniara joan zela, eta irakasle dabil. Erreferenduma oztopatuko dutela eta ekintza bat izango dela uste du. 

Zelan bizi izan duzu Kataluniako prozesua?
Giza katera joan nintzen, eta memorian markatu ninduen. Hor konturatu nintzen katalanak serio zebiltzala. Politikarien aldetik interesak egon daitezke, baina jendearen partetik sentimendu zintzoa dago, argia. Gehiengo oso handi batek gura du independentzia, sentsazioa da ez dagoela atzera bueltarik. Eta gura ez dutenen artean, gehiengoak ulertzen du erreferenduma egiteko nahia. 

Erreferenduma egingo da? 
Uste dut, benetan, ekintza bat izango dela erreferendum bat baino. Ez dut uste utziko digutenik bozketa normal bat egiten, eta leku bakoitzean era batean biziko da. Jendea lurrean jesarriko da eta ea nork altxatzen dituen milaka pertsona horiek. Hala ere, domekatik aurrera, ea nazioarteak zer dioen. Espainiak atzera egin beharko du, edo, bestela, militarki okupatu, jendea oso konbentzituta dago eta.

Bozkatuko duzu?
Bai, Bartzelonan emango dut botoa. Weba zarratu orduko, bozkatzera nora joan behar nuen ikusi nuen. Errolda 2017ko urtarrilekoa da, eta ondo eginda dago.

_________________________________________________________________________________________

Josean Odiaga: "Atxilotuta egon ziren bitartean, epaitegi aurrera joan nintzen"

Gaztetatik Bartzelonan bizi da Josean Odiaga Galletebeitia (Iurreta, 1969). Euskal Etxean euskara saileko koordinatzaile eta irakasle da. “Astelehenean hasiko ditugu klaseak, independente izan ala ez”, dio umoretsu.

Protesta batzuetan parte hartu duzu egunotan.
Generalitateko kargudunak atxilotuta egon ziren bitartean, justizia epaitegi aurrera joan nintzen, lanetik irtetean. Jende piloa zegoen, beteta. Musikariak etorri ziren, Omnium eta ANCkoek ura eta jatekoa banatu zuten... Oso hunkigarria izan zen. Jendea ilusionatuta ikusten zen.

Erreferenduma posible da?
Gaitza da esatea egingo den ala ez. Eskualdeetan eta herri txikietan egingo dela uste dut, ez baitago poliziarik leku guztietara bidaltzeko. Okerrena gune metropolitanoetan izango da.  Aspalditik esaten dabiltza era baketsuan protesta egiteko, nazioartean ikusi dadin. Zerbait egin behar bada, lurrean etzatea, baina poliziak ukitu barik.

Eta aurrera begira, zer?
Espainiako gobernuak zer egingo du katalanak berreskuratzeko? Ez dute ezer gura estatuagaz. PSOEk esan du federalismoa lantzeko batzorde bat sortzea. Orain? Estatutua atzera bota zutenean, orduan zen horretarako sasoia. Orain, jada, berandu da. Jendeak banatu gura du, nekatuta dago.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!