“Bat-batean erronka posible bat ikusi eta arratsalde osoa eman dezakegu saiatzen”

Joseba Derteano 2017ko urr. 1a, 10:55

Begiratzeko moduan dago kontua. Plazako eserlekua arrisku-salto bat egiteko osagaia bihurtu daiteke Elorrioko lau gazterentzat. Edo hiru metroko pareta, gaindiezinezko oztopoa dirudiena, igo beharreko erronka moduan ikusten dute. Marcos Melgar (2000), Georgy Ascargorta (1997), Josu Cristobal (1999) eta Dani Crespo (2000) gazteek beren afizioaren ikuspuntutik begiratzen diete kaleari eta munduari.

Inguruak desafio geometriko tentagarriz beteta daude eurentzat. Parkourra gustatzen zaie eta hark  elkartu ditu. Elkarregaz praktikatzen dute eta beren bizitzako parte bihurtu da. “Gu ez gara beren-beregi entrenatzeko geratzen. Kuadrilla moduan irteten gara eta, bat-batean, erronka posible bat ikusi eta arratsalde osoa bertan eman dezakegu”, Ascargortaren berbetan.

A puntutik B punturako desplazamendua gauzatzeko teknikari eta ezinezkoak diruditen ibilbideak posible egitearen arteari deitzen zaio parkourra. Eta lau gazteek edonon ikusten dute beren artea garatzeko desafioa. “Jendeak hesi bat dakusan tokian guk salto edo truko posible bat  ikusten dugu. Beti begira gabiltza. Baina ez da nahita egiten dugun zerbait, berezkoa dugu. Lortu zein ez, saiatzea da kontua. Batak bestearengandik ikasten dugu eta elkarri laguntzen diogu, azkenean lortu arte. Komunitate bat gara”, azaldu dute Cristobalek eta Crespok. Eta horretan ematen dituzte asteko ordu asko, “gura baino gutxiago” hala ere, Ascargortaren esanetan.

Urte bi inguru joan dira parkourra serio hartu zutenetik. Pasioa aurretik dator. Cristobalek gogoan du umetan koltxoiak eramaten zituztela lagunekin zuten txabolara, eta han jauzika ibiltzen zirela. Ascargortak parkourreko lehenengo bideoa ikusi zuenean, “nik hori egin gura dut”, erabaki zuen.

Parkourra Durangaldean
Oraingoz, parkourrak ez du jarraitzaile askorik Durangaldean. Beste durangar bi ezagutzen dituzte. Topaketak eta txapelketak —free running izeneko diziplinan— Euskal Herritik kanpora dira gehienak. Bilbon egiten direnak dira gertukoenak. Baina, euren ekimenez, topaketa moduko bi antolatu izan dituzte Elorrion. Azkena, martxoan, Kirol Astearen barruan. Plazan egitura bat jarri zuten, eta hantxe aritu ziren. “Bilboko eta Donostiako jendea etorri zen”, gogoratu du Velgarrek. Ekitaldi aberasgarriak dira, “besteengandik ikasteko eta esperientzia pilatzeko”. Eta, jakina, eguna beren afizio bera partekatzen dutenekin igarotzeak “ilusio berezia” eragiten die.

Elorrio da euren inguru naturala, baina “oso ustiatuta” daukatela diote. Beraz, Durangon, Traña-Matienan (osasun zentro pareko plazan) edo Zornotzan (Zelaieta parkean) aritu izan dira.

Diziplina arriskutsua da? Arriskutsutzat zer hartzen denaren arabera. Erori barik ikastea “ezinezkoa” dela diote. Kolpeak eta ubelduak parkourraren parte dira. Gehiegizko arriskua senak ekiditen du. “Arrisku handiegia ikusten badugu ez gara saiatzen”, azaldu dute.

Afizioa ogibide
Afizioa ogibide bihurtzea gustatuko litzaiekeen galdetuta “bai” diote. Laurek aho batez eta aldi berean emandako erantzuna da. Ascargortak, taldeko nagusienak, Art Of Motion lehiaketa prestigiotsuan parte hartu gura du, esaterako. Bere bideorik onenak bidaliko ditu, hautatuen zerrendan sartuko duten esperantzagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!