Alaitz Artolazabal Tokikomeko zuzendaria, Jone Guenetxea presidentea eta Iban Aranzabal Goienako arduraduna Francesc Fàbregas El Vallenc-eko zuzendariagaz bildu ziren, atzo, aldizkariak Tarragonako Valls herrian duen egoitzan. Fàbregas Associacio Catalana de Prensa Comarcal (ACPC) eskualdeetako hedabideen elkarteko presidentea da. Irailaren 9an Guardia Zibilak El Vallenc aldizkariaren erredakzioa erregistratu zuen. Zuzendariaren ordenagailu pertsonala eta dokumentazioa eraman zuten. Tokikomeko ordezkariek elkartasuna adierazi diote Fàbregasen lan taldeari. “Adierazpen askatasuna zalantzan jarri da azken egunotan Kataluniako hedabideetan izandako gertakariekin. Onartezintzat jotzen dugu adierazpen askatasuna ez errespetatzea”, dio Tokikomeko presidenteak.
Urriaren 1eko erreferendumaren inguruan hitz egin zuten batzarrean. Fàbregasek adierazi zuenez, “konbentzimendu osoz joango gara demokratikoki bozkatzera. Herriak bultzatutako erreferenduma geldiezina da”.
Lankidetzarako aukerak
Aurretik izandako lankidetza indartzea izan da bidaiaren helburuetako bat. “Etorkizunera begira elkarrekin landu daitezkeen gaiak aztertu ditugu. Kataluniarekin esperientziak batzeak gure lana hobetzen eta eraginkorragoak izaten lagunduko digu”, Artolazabalen berbetan. Batzarrean landu diren gaien artean, digitalizazioa, ekarpen komertzialak, formakuntza eta jardunaldiak daude.
Iban Arantzabalek dioenez, “bilera honetan ikusi dugu gertuko hedabideek duten erakargarritasuna herri proiektuak eraikitzerakoan. Irakatsi digute gertutasuna aldagai garrantzitsua dela eskualdea gainditzen duten gaietan ere”.