Ekintza berriak dakartzate liburutegien egitarauek

Itsaso Esteban 2017ko ira. 20a, 12:25

Aurreko ikasturteetan literaturzaleen harrera ona izan duten haur eta helduentzako askotariko ekintzen osagarri, hainbat nobedade eskainiko dituzte Durango, Elorrio eta Iurretako liburutegietan ikasturte honetan. Izena emateko aukera dago, jada.

Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan, haurrentzako Jolastu, ikertu, galdetu pentsatu! Elkarrekin filosofatzen tailerra eskainiko dute nobedade moduan, eta argazkilaritza eta literatura uztartzen dituen PhotoHitzak, helduei zuzenduta.

Elorrioko Liburutegian, bestalde, poesia tailerra antolatu dute ikasturte honetan, lehenengoz. Zortzi eta hamabi urte arteko umeak literatur genero horretara hurreratzea da ekintza horren helburua. Tailerrean parte hartzen duten umeek jolasen bitartez ezagutuko dituzte olerkiak eta poetak.

Urteetan, umeei zein helduei zuzenduta eskaini dituzten ekintzak mantentzeaz gain, Iurretako Bibliotekan ere hainbat berritasun eskainiko dituzte. Gaur, esaterako, Booktuber-en elkarretaratzea egingo dute Bibliotekan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!