1985eko irailaren 19an milaka pertsona hil zituen Mexikon lurrikara batek, eta gertaera haren urteurrenean etorri da berriro zoritxarra. 7,1 graduko ikara egin du lurrak. "Ez zen minutu batera helduko, baina niri oso luzea egin zait", kontatu du Izagirrek. Etxera heldu eta segituan familiari idatzi dio ondo dagoela esateko. Hala ere, argindar barik ibili dira, eta Euskal Herritik heldutako mezuen bidez enteratu dira hango informazioez. Euren etxea ondo dago, altzari batzuk apurtu dira soilik.
Eskola batean auzolanean ibili dira, baina handik alde egin behar izan dute, gas isuri bategatik leherketa arriskua egon delako. Egunak argitzen duenean berriro ere laguntzera joateko asmoa daukate. Mexikarrak auzolanean dabiltza orduotan: zaurituak babesten, hondakinak batzen, etxeak zabaltzen... Zenbait puntutan trafikoa bera ere erregulatzen ari direla adierazi du ikasle iurretarrak. "Oso hunkigarria izan da herri oso baten elkartasuna ikustea".