Modan dagoen berba erabilita: ‘Finisher’-ak zarete.
Koikili Lertxundi: Pozarren gaude. Berba horrek markatutako helburua betetzea esan gura du guretzat. Hirurok eta taldean amaitu izana. Gehienetan elkarregaz ibili gara.
Orain Otxandioko aldapak ez zaizkizu hain gogorrak irudituko beharbada.
K.L.: Paisaia aldetik oso desderdina da, baina aldapak, ez pentsa… Ez ziren oso luzeak, baina bai desnibel dezentekoak, Otxandiokoen antzerakoak.
Beñat Ormaetxea: Etapa batean 2.900 metroko desnibela igo genuen. Nik ez dakit aldapa horiek denak nondik atera zituzten! Han denak lisua ematen du, baina bai zera!
K.L.: Gogoan dut egun horretan hiru-lau bider bizikletatik jaitsita igo genituela aldapa batzuk.
Beñat, sukaldariak ondo elikatzeko modua izan du?
B.O.: Nahikoa egiten zuten antolatzaileek. Benetan. Behin, ezerezaren erdian zegoen alemaniarren sasoi bateko eremu militarrean gune bat atondu zuten. Hura ez zen kanpin bat gero! Hara eraman egin behar zen dena. Eta ondoen jan genuen eguna izan zen. Meritua du.
Eta ideiarik hartu duzu plater berriren bat egiteko?
B.O.: Hango osagaiekin pintxoren bat sortzeko asmoa badaukat. Asmo solidario baten barruan. Ikusiko dugu. Arroza eta filantroa asko erabiltzen dituzte. Gazta ere bai. Hiru osagai horiek konbinatuta, badarabilt zerbait buruan. Nigaz betiko kontua da. Bidaiatzen dudan bakoitzean, beti tokian tokiko janari eta platerei begira!
Hirurok izan zarete taldeko kapitainak, txandaka. Batak bestearen dohain eta gabeziak esango dizkidazue?
B.O.: Koikilik talde lana oso ondo menderatzen du. Jakina, urte asko daramatza talde lanean eta! Futboletik jasotako dohaina du. Lasterketan justu dabilenari itxaroten, animoak ematen eta motibatzen… Horretan bikaina da. Gabezia? Bizikleta gaineko teknika, beharbada.
K.L.: Beñaten dohainik handiena estrategiarako duen gaitasuna da. Berezkoa du, ogibideagatik datorkio eta han praktikan jarri du. Taldeko estratega izan da. Txakartegi, berriz, hirurotan indartsuena izan da, taldean beti aurrera tiratzen zebilena.
Koikili, zuk erorketa bat ere izan zenuen. Izan da uneren bat “ez dugu hirurok amaituko” pentsatu duzuena?
B.O.: Ni konturatu ere ez nintzen egin Koi erori zela. Taldearen aurrean tiraka nindoan. Abiada bizian gindoazen. Talde hartako bat nigana hurreratu eta “zure laguna, crash”esan zidan. Atzera begiratu eta Koi atze-atzean pelotoiari jarraitu ezinik bezala ikusi nuen. Justuan zihoala pentsatu nuen. Baina ez. Erori, zutitu eta pelotoira batu guran zebilen.
K.L.: Ez zen ezer askorik izan. Salbatu genuen. Okerragoa izan da postura kontu bategatik muskulu piramidalean izan nuen mina. Une batean oso txarto nengoen. Haustura izan zitekeela eta uzteko gomendatu zidan medikuak. Baina neure burua ezagutzen dut eta banekien hausturarik ez zegoela. Postura aldatu eta zutunik ibili nintzen. Imajinatu 100 kilometrotik gora bizikletan zutunik! Baina minik ez sentitzea gauza handia zen.
Lasterketaren harira, herrialdea apur bat ezagutzeko aukera izan duzue. Zer sentsazio eragin dizue Mongoliak?
B.O.: Biztanleen %90 Ulan Bator kapitalean bizi dira. Eta gainerakoa herrialde zabalean. Beraz, ger-ak [Mongoliako etxebizitza tradizionala] noizerik noizera bakarrik ikusten dira esteparen erdian galduta. Guk goizetan, lasterketan hasi orduko, han ikusten genituen umeak, ganaduagaz. Neguan tenperatura zero azpitik 40 gradura heltzen da. Gu ez, haiek bai benetan gogorrak!
K.L.: Bizimodu nomada daukate. Abereak belar bila, eta eurak abereen atzetik. Etxea bizkarrean hartu eta kilometro piloa egiten dituzte gune epelagoetara.
Euskara erabiltzea zen proiektuko helburu bat. Han gipuzkoar eta naparrekin taldetxoa egin duzuela irakurri dut.
K.L.: Horrela da, bai, eta uste dut neurri batean lortu dugula helburua. Bigarren egunerako, han zeudenek bazekiten euskaldunak ginela. Modu naturalean izan zen, geure artean euskaraz egiten entzuten zigutelako.
B.O.: Esaterako, Herbehereetako taldeko batzuek esaten ziguten, “begira, hor daude euskaldunak”. Australiar bati kontatu genion euskararen, gure hizkuntzaren historia. Harrituta geratu zen, eta asko interesatu zitzaion.
La Otra Mirada GKEak han egiten duen lana bertatik bertara ikusi zenuten?
K.L.: Mongolian proiekturen bat zeukan GKEren baten bila genbiltzan, eta La Otra Mirada ospital zahar bat eguneko zentro moduan berreraikitzen dabil han, 2012az geroztik. Ezgaituei eskolara joateko bideak errazten dizkiete. Bertara joan eta lehenengo egunean bisitatu genuen. Pertsonalki gehien bete nauen esperientzia izan da.
B.O.: Urduri nengoen, baina bost minutu iraun zidan urduritasunak. Besarkatu gintuzten eta gugaz jolasten hasi ziren. Ordu batzuetan eurekin egon ginen eta kosta egin zitzaigun joatea. Bihotzera heltzen zaizu.
K.L.: 30 ordu lorik egin barik geunden eta erronkari aurre egiteko indarra eman ziguten. Familikoak bagina moduan hartu gintuzten.