18 lagunek osatzen duten txapelketako gai-jartzaile taldean, bestalde, Amaia Ugalde elorriarra eta Maite Berriozabal berriztarra dabiltza.
"Euskararen lurralde osoan", Euskal Herriko zazpi lurraldetan, izango da, lehen aldiz, Bertsolari Txapelketa Nagusia. Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak gaurko aurkezpenean azpimarratu duenez, txapelketaren saioak Euskal Herri osoan egitea “ez da kontu sinbolikoa, ezta indar erakustaldi bat ere”. Muruak nabarmendu duenez, “errealitate baten isla da”, bertsolaritza "bizirik baitago eremu horretan”.
Baigorrin, Seguran, Leitzan, Zallan, Zumaian, Tolosan, Bastidan, Irunen, Maule-Lextarren, Durangon, Amurrion, Donibane Lohizunen, Iruñean eta Barakaldon izango dira Txapelketa Nagusiko saioak. Finalaurrekoetan sailkatutako zazpi bertsolariak eta Amets Arzallus egungo txapelduna arituko dira abenduaren 17ko Barakaldoko finalean.
Dagoeneko eskuragai daude txapelketako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean.