"Durangaldean bertako zerbeza edan dadila, hori da gure intentzioa"

Markel Onaindia 2017ko ira. 8a, 09:20

“Atera egidazu Garai zerbeza bat”. Hori da eskualdeko zenbait tabernatan entzuten hasi den eskaria. Izan ere, Durangaldeak badauka bere lehenengo zerbeza, bertako garagardozaleek dastatuko dutena, bertako ekoizleen eskutik. Ibon Berriozabalgoitia garaitarra, Ekaitz Alberdi durangarra eta Eduardo Muñoz abadiñarra dira abentura honetan busti direnak.

Garagardoaren artisauak dira, ekoizpen eta errezeta propioagaz marka multinazionalen alternatiba izan gura dutenak. “Durangaldean bertako zerbeza edan dadila, hori da gure intentzioa. Gure tabernetan, gure garagardoa eduki dezagun”, aldarrikatu du Muñozek.

Non eskatu?
Estilo horiko zerbeza bat da kaleratu dutena. “Lupulu [garagardo-belarra] ukitu bat dauka, zereal zapore apur bat... baina edateko erraza da”, deskribatu du Berriozabalgoitiak. Kazetariari eskaini dio botila bat, eta bai, igartzen da edari artisauaren indarra, baina, era berean, oso gustura sartzen da eztarritik. Oraingoz, taberna edo denda hauetan eskatu daiteke Garai zerbeza: Durangoko Saltsan Kateringen, Martxel Harategian, Alpinon, Herrian, Gorrotxan eta Bidebaltzen; Mañariko U2n; Izurtzako Herriko tabernan; eta, zelan ez, Garaiko Herriko tabernan eta Garai jatetxean. 2,5 eurotan saltzen dute, artisaua izateko ez da karua. “Gure etekin-tartea bajatu dugu, tabernariek tarte bat edukitzeko eta jendearentzat egokia izan dadin”, arrazoitu du Alberdik.

Garaitik
Garaiko Etxeita baserria dute elkargune, eta hortik dator zerbezaren izena. Horrez gainera, ortuariak gordetzeko erabiltzen zen egiturari ere Garai esaten zaio, eta hori ere kontuan eduki dute sortzaileek. Bestalde, euren logotipoan zuhaitz aparteko lez izendatua dagoen Garaiko Arteari keinu egin diote, baserritik gertu dago eta.

Duela urtebete hasi ziren lehenengo errezetak eta probak egiten, “esperimentuak”, eurek dioten lez. Denbora horretan zehar sortzen joan direna ingurukoei eman diete dastatzeko, errezetarik onenaren bila testak egiten. “Azkenean, jendea garagardoa eskatzen hasi zitzaigun, eta komertzializatzea aukera bat zela pentsatu genuen”, esplikatu du Berriozabalgoitiak. Garaiko Sagardo Eguna izan zen pausoa emateko giltzetako bat; Berriozabalgoitiak eta Alberdik Zezpala sagardoa ere sortzen dute beste lagun batzuekin batera, eta, egun horretan, sagardoaz aparte garagardoa eramatea ere otu zitzaien, herritarrek probatzeko. Zerbezak “hegan” egin zuela gogoratzen du Alberdik, 40 litro eskaini eta beste 40ren bila joan behar izan zuten.

Orain hile bat 1.000 litro produzitu zituzten, eta konturatu orduko gastatu zaie, arrakastaren seinale. Horregatik, beste 1.000 litro atera berri dituzte. “Uste genuen hasierako litroek hiru bat hile iraungo zutela. Gure intentzioa askoz geldoago joatea zen, baina jendeak bultzatu egin gaitu”, dio Alberdik.

Merkaturatu ahal izateko osasun-baldintzak pasatu behar dira, eta horrek instalazio zehatz bat edukitzea eskatzen du. Horregatik, Sondikako Txorierri Garagardoak enpresaren fabrikan egin eta botilaratu dute tabernetan saltzen ipinitako edaria.

Zerbeza sortzeko ideia ez da egun bateko beroaldiaren ondorio. Ibonek eta Eduardok, bere kabuz, urteak daramatzate zerbeza ekoizteko probak egiten. Gainera, prestaketa ere badute: Berriozabalgoitiak garagardogintzaren inguruko master bi egin ditu Alacanteko unibertsitatean.

Artisauak, modan
Zerbeza artisauak modan daude, eta gero eta gehiago dira euren kabuz produzitzen hasten direnak. Durangaldean hainbat dira etxean ekoizten dutenak. Ardoaren kalitatea estimatzen den bezala, garagardoarena ere estimatu behar dela uste dute Garai sortu dutenek.  “Kalitate baxukora ohitu gaituzte”, dio Alberdik marka handiei erreferentzia eginez. “Artoa, arroza... almidoi merkea botatzen diote, eta lupulu gutxi ere bai”, jarraitu du Berriozabalgoitiak.

Norbere ilusioa
Garaiko lantegian eurek muntatu dute probak egiteko makineria-katea. Beraz, teknologiatik ere badu zerbait gaiak, zientzia eta artetik aparte. Prozesua eta zerbeza euren eskuekin egindakoa izateak ilusioa sortzen die hirurei. “Txikitan bezala, edabeak egiteko jolas bat da niretzat”, aitortu du Muñozek. Gainera, ingurukoekin auzolanean ibiltzen dira, Eduardoren aitagaz eta Xabi Agirrezabalegaz sarri. Proba berriak egiten jarraitzen dute, eta orain zerbeza ilunago bat elaboratzen hasi dira. Gainera, lupulua eta garagarra landatzen ere badabiltza baserri inguruetan.

Momentuz, hobbie bat dela diote hiru bazkideek, eurek badutela euren lana, eta, gainera, gaitza dela honetatik bizitzea. Eskulanean ondo pasatzen dute, eta jendeak ere ondo pasatzea da euren asmoa. Ibon: “Poztasuna ematen du jendea zuk egindako garagardoa edaten ikusteak”. Datorren barikuan Durangoko Matadero auzoko pintxopotean egongo dira euren zerbeza aurkezten. Trikitilariak eramango dituzte, eta etekinak Sahararen aldeko Rio de Oro elkartearentzat izango dira.

Bertan egindako garagardoa eta kata bereziak dastatzeko aukera, Makatzetan

Garai da botilaratu eta tabernetara eraman den Durangaldeko lehen zerbeza, baina Atxondoko Makatzeta jatetxean iaztik eskaintzen dute euren edari propioa. Zarautz Beer Companygaz batera artisau garagardoa egin dute, eta jatetxean bertan dastatu daiteke, upeletik aterata.

Horrez aparte, beste hainbat artisau garagardo ere badituzte. Bestalde, kata bereziak dituzte aukeran; menu berean zenbait zerbeza probatzea posible da, jatekoagaz lagunduta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!