Zaborra batzeko kamioi berri bat erosiko du Amankomunazgoak, 300.000 eurogaz

Markel Onaindia 2017ko uzt. 24a, 11:00

Errefusa, papera eta organikoa batzeko lau kamioi erabiltzen ditu gaur egun Amankomunazgoak, eta zaharkitzen dabiltzanez, berri bat erosteko beharra ikusi dute. Izan ere, 2006an, 2008an, 2010ean eta 2011n erositakoak dira orain martxan daudenak. 

Kamioia erosi ahal izateko 300.000 euroko kreditu aldaketa bat egin du aurrekontuan Amankomunazgoak, eta horixe izango da erosketarako gehienezko prezioa.

Organikoan, jauziaren zain
Bestalde, urte amaieran organikoaren kanpainan parte hartzeko -borondatez sailkatzen da organikoa- beste gonbidapen bat egingo diete herritarrei. 30.600 euro erabiliko dituzte kanpainaren berri emateko. Gainera, egitasmoak 2018an jauzi bat ematea aurreikusi dute. Organiko osoa birziklatu ahal izatea eskatuko diote Aldundiari; orain hondakin begetalak soilik bota ahal dira kontainer marroian, animali jatorrikorik ez. Aurten Lea-Artibain hasi dira osoa birziklatzen, eta datorren urtean Durangaldean ere egin ahal izatea espero dute.

Organikoaren bereizketa horrek lana ekartzen die familiei, hainbat plateretako soberakinak apartatu beharragatik. Beraz, organiko guztia batera bota ahal izateak familia gehiago animatzea ekarriko lukeela uste du Aitor Lopez presidenteak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!