Mujika: “Durangaldeko erabiltzaileen %31k euskara aukeratu dute lehentasunezko hizkuntza legez”

Jone Guenetxea 2017ko uzt. 17a, 08:42

Maria Jesus Mujikak sei hilabete daramatza Osakidetzako zuzendari nagusi karguan. Ardura hori hartzen duen lehenengo emakumea da. Bioaraba Osasun Ikerketa Institutua sortzeko sinadura ekitalditik berehala irten da ANBOTOrekin duen hitzordura joateko. 

Urte erdi bete duzu kargu berrian. Zelako esperientzia izaten ari da?
Sei hilabete pasatu dira kargua hartu nuenetik. Esan nahi nuke aurreko legealdian ere Jon Darpon sailburuarekin lan egin nuela. Osakidetzan eta Osasun Sailean urteetan egin dut lan. Hala ere, hau lanpostu eta erronka berri bat da. Ilusioarekin eta gogoarekin nago, lan egiteko prest.  

Zeintzuk dira Osakidetzaren erronkak?
Gure erronkak zahartzaroa, mendekotasuna eta gaixotasun kronikoak dira, horiek direlako gure gizarteak dituen erronkak. Ez dira etorkizunera begirako erronkak, gaur egungoak baizik. Horretarako, Osakidetzak antolaketa eredu berri bat jarri du martxan, Erakunde Sanitario Integrala (ESI), hain zuzen. Bi ezaugarri nagusi ditu: integrazioa eta harrera integrala. Horrek esan nahi du guretzat pazientea dela helburu nagusia. Era berean, ikuspegia zabaldu behar dugu. Beste ezaugarri bat esparru soziosanitarioarekin koordinazioa da.

Lan eskaintza publikoaren arloan aurrerapausoak eman dituzue. Zelan doaz adostutako konpromisoak?
Kalitatezko enplegua sortzeko konpromisoa hartu zuen gure sailburuak Legebiltzarrean. Gure arlotik konpromiso hori hartu genuen, eta sei hilabete hauetan buru-belarri lan egin dugu ildo horretan. Zorionez, akordio bat adostu dugu sindikatu medikuarekin, SATSErekin eta UGTrekin. Akordio honen bitartez, eskaintza publiko berri bat egingo dugu. 3.335 lanpostu finko sortuko ditugu. Eskaintza publiko honetan 800 lanpostu medikuntzakoak dira, eta 700 erizaintzakoak. Bestalde, barruko profesionalei begira beste akordio bat adostu dugu. Plazen %90 lekualdatzeetara bideratuta egongo dira. Akordio honetan gure konpromisoa lantaldearen %95 finkoa izatea dela azpimarratuko nuke. Lehenengo azterketak 2018ko lehen seihilekoan egingo dira.

Osakidetzan euskararen egoeraren inguruan zein diagnostiko egiten duzue?
Osakidetza gizartearen isla da. Horrek esan nahi du aurrera goazela euskararen arloan, euskara sendotzen. Bide bat markatuta daukagu eta bide horri eutsi behar diogu. Zentzu horretan, azpimarratuko nuke azken hamarkada honetan hizkuntza eskakizuna betetzen duten langile kopurua hirukoiztu egin dugula. Momentu honetan pertsonalaren herenak hizkuntza eskakizuna betetzen du. Bigarren euskara planarekin ere aurrera goaz. Ikuspuntu zabalago bat izan behar dugu. Apustu bat egin dugu euskararen alde, gure asistentzia sendotzen duela pentsatzen dugulako eta herritarren eskubideak bermatu behar ditugulako. Eta, zirkulua osatzeko, euskara zabaldu egin behar dugu. Ildo horretatik, informatikaren arloan ahalegin handia egiten ari gara. Informazio sistema eta informatika elebidunak izatea da helburua.

Erabiltzaileak sarritan oso kritikoak dira gai honekin. Osakidetza zein aurrerapauso ematen ari da?
Kanpaina bat martxan jarri dugu, Aukeratu zure hizkuntza leloagaz. Erabiltzaileek osasun-arretan erabili nahi duten lehentasunezko hizkuntza jasota uzteko aukera dute. Momentu honetan 170.000 biztanlek euskara aukeratu dute Osakidetzarekin harreman hizkuntza gisa. Gai honetan balorazio oso baikorra egiten dugu.

Kanpaina honek zein erantzun izan du Durangaldean?
Durangaldeko erabiltzaileen %31k euskara aukeratu dute osasun-arretan lehentasunezko hizkuntza legez.

Pediatren ordezkoak topatzeko zailtasunak egon dira Durangaldean.
Osakidetzak edozein egoeratan bermatzen du asistentzia. Horrek ez du esan nahi momentu zehatz batean baja bat ez kubritzea, baina, edozein kasutan, asistentzia bermatuta dago.  

La Cuadri del Hospik ikerketa arloan laguntzen dihardu Gurutzetan. Ikerketa zelan planteatzen duzue?
Ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egin dugu. Eguaztenean Osakidetzak, Osasun Sailak eta Unibertsitateak akordioa sinatu dugu Bioaraba formalki osatzeko. Osakidetzan hiru  institutu ditugu: Bioaraba, Biodonosti eta Biocruces. Ikerketa gure apustu sendoa da eta bide horretatik joan behar dugula argi ikusten dugu.  

Galdakaoko ospitalean amaren esne banku bat sortzeko proiektua zertan da?
Sei hilabete barru esne bankua martxan izatea espero dugu. Transfusio eta giza ehunen zentroan kokatuko da banku hori, Galdakaoko ospitalean. Gainera,  Euskadi osora zabalduko da. Antolakuntza berezi bat izango du neonatologiako lau zerbitzutara lotuta (Gurutzetan, Txagorritxun, Donostian eta Basurtun) segurtasuna eta kalitatea ziurtatu behar baitira. Esne bankua 32 astetik beherako umeei eta 1.500 gramo baino gutxiago duten jaioberriei bideratuta egongo da. Amak ezin duenean esnerik eman edo medikuak agintzen duenean erabili ahal izango da. Gure gizartea beti elkarlanean oinarritu da, eta, proiektu honetarako, gizartearekin bat egiten dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!