'11 lekutan Mintzatu!' lehiaketa antolatu du Azkue Fundazioak

Jone Guenetxea 2017ko uzt. 11a, 10:47

Udan Mintzatu aplikazioaren erabilera sustatu eta euskaraz hitz egiten diren tokiei buruzko informazioaren zabalkundea egiten jarraitzea da helburua.

Uda iritsi da, eta, harekin batera, herrietako jaiak eta ondo merezitako oporrak. Eta, edonon gaudela ere, euskaraz hitz egiten jarraituko dugunez, «11 lekutan Mintzatu!» lehiaketa antolatu du Azkue Fundazioak. Udan zehar Mintzatu aplikazioaren erabilera sustatu eta euskaraz hitz egiten diren tokiei buruzko informazioaren zabalkundea egitea da helburua. 11 aste iraungo du lehiaketak, uztailaren 10etik irailaren 24ra arte.

Ekimenaren helburuak euskararen erabilera bultzatzea, euskarak sarean duen presentzia areagotzea, Mintzatu aplikazioaren erabilera sustatzea, euskaraz hitz egiten diren leku berri gehiago etiketatzea eta toki horiei buruzko informazioaren zabalkundea egitea dira.

Hiru irabazle egongo dira, eta sari berdinak jasoko dituzte denek: sakelako telefonoarekin argazkiak eta bideoak egiteko produktu-sorta (tripodea, objektiboak, euste-pieza...).

Hauexek izango dira irabazleak:
1. Mintzatu aplikazioan leku berri gehien sartzen dituena.
 

2. Mintzatu aplikazioan bere burua leku ezberdin kopuru handienean etiketatzen duena.

3. Mintzatu aplikazioan hamaika leku berri azkarren etiketatzen dituena.

Mundu osoko lekuak etiketatu ahalko dira. Parte-hartzaile bakoitzak erabakiko du noiz parte hartu: lehiaketak irauten duen hamaika asteetan zehar edozein unetan parte har daiteke, eta parte-hartzaile bakoitzak nahi beste leku identifika ditzake Mintzatun. Ez dago mugarik.

Parte hartu gura dutenenentzat, hauxek dira arauak:  Oinarriak

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!