Hegoamerikako hitzordurik inportanteena den horretan Carbón Club obra aurkeztu zuen Zornotzako antzerki taldeak. Meategi bateko istorioa da, kabaret giro batean bildurik aurkezten dutena. Adiskidetasunaz, bizitzeko ausardiaz, gerrez eta aldarrikapenez dihardute, eta meategietan lanean bizia eman zutenei omenaldia egiten diote antzerki emanaldiagaz.
Ekain amaieran Costa Rican hasi zuten bide horrek Eslovenian izango du jarraipena, hilabete honetan. Andante antzezlana eskainiko dute Ljubliana hiriburuan. Handik, Poloniara joango dira, eta Carbón Club zein Andante aurkeztuko dituzte bertan. Euskadiko Kale Ikuskizunik onenaren saria jaso zuen Andante obrak 2015eko Leioako Umore Azokan. Uztailean, Danimarkako Eutopia jaialdian ere erakutsiko dute.
Etxetik hurrago ere arituko dira, bestalde, Markeliñe taldekoak uda honetan. Gasteizen, kasurako. Madrilen, Errioxan, eta Asturiasen ere eskainiko dituzte antzezlanak.
Emanaldiz beteriko agendagaz amaituko du Markeliñek, besteak beste, urte hasieran Euria antzezlanari ikuskizunik onenaren Feten saria ekarri dion ikasturtea.