Lourdes Urbieta: “Bidea apur bat zabaldu dut, baina emakumea hurbiltzen ez den sektorea da gurea”

Aitziber Basauri 2017ko uzt. 8a, 10:30

Amantegi Taldeko Garraio eta Kalitate zuzendaria

Lourdes Urbietak 25 urte egin ditu harrobi-lanagaz lotuta. Meatzeen ustiapen bateko zuzendari lez aitzindaria izandakoa, artillaria ere izan zen  1994tik 2001era. Tximista batek zeharkatu ondoren, lehen lerroko lan hori utzi behar izan zuen Garain bizi den emakume honek. Bizkaiko Emakumeen Enpresari eta Zuzendari elkarteak saria eman dio.

Meatzeetako zuzendari fakultatiboa zara. Bizkaian lehenengo emakumea izan zinen. Mundu horri lotuta egon zara beti?
Bai, hasieratik, eta dagoeneko 25 urte daramatzat arlo honetan lanean. Harrobi baten alboan jaio nintzen, eta tradizioz ere beti izan dut lotura horregaz. Nire aititek harrobian lan egin zuten, Enkarterrietan. Aitak ere bai. Harrobietan zebiltzan kamioiei begira jaten nuela esaten zidan amak. Oso hurbileko mundua izan dut beti. Ustiapen bateko arduradun nagusia da zuzendari fakultatiboa, meatzeetako ingeniari teknikoa.

Meatzeen ustiapen bateko zuzendari lez aitzindaria izan zinen. Artillaria moduan ere bai.
Lotuta daude. Zuzendari fakultatibo izanik, leherketak badaude artillari ere izan behar duzu.

Artillari lanak harrapatu egiten duela diozu.
Bai. Emakume lez, jende gutxi dabilen arlo horietan desberdindu egin behar gara. Leku bat egin zenezake, eta leherketetan jende gutxi zegoen — arriskua  duen lana ere bada—.  Dena den, egia da jakin-mina sortu izan didala beti. Oso lan polita da. Ez daude leherketa bi berdinak; oso jakinaren gainean egon behar duzu, talde oso ona behar duzu... Amantegin oso talde ona izan nuen. Konplizitate bat dago zulatzaileekin, artillariekin...  

Lan hori utzi behar izan zenuen, 2001ean. Tximista batek zeharkatu zintuen Ekaitz semearen haurdun zeundela.
Leherketa baten izan zen. Ohartu ginen zerua belztu zela, baina ohituta geunden aire zabalean lan egitera. Tximistak zeharkatu ninduela ez nintzen ohartu ere egin. Lankideek salbatu ninduten. Utzitako arrastoengatik landa-lana utzi behar izan nuen.

Emakume bat gizonen mundu baten. Nola eraman duzu hori?
Oso ondo, izan dudan harremana oso ona izan delako. Lehenengo erreakzioa harridurazkoa izan zen, bai: ‘Aiba, emakume bat!’. Baina, gero, harrera oso ona egin didate beti. Egia da ikasketak amaituta bi ezezko borobil izan nituela. Baina ekin egin nuen, eta Mañarian egin nuen karrera-amaierako proiektua. Lana gustatu, eta bide horretatik jarraitzea erabaki nuen. Donostian eman zidaten lehen lana, bulego tekniko batean. Harrobiekin lotutakoa zen hura ere, eta han izan nuen landa-lanagaz lehen harremana.

Beste emakume batzuei bidea zabaldu diezula uste duzu?
Apur bat zabaldu dut bidea, bai. Baina emakumea hurbiltzen ez den sektorea da gurea. Eman da bilakaera bat. Lan-eremuak betetzen ari gara, baina lehen lerroan oraindik gutxi gara: kalitate edo prebentzio arloan nahiko gaude; aldiz, leherketetan ez.

Nola hartu duzu Bizkaiko Emakumeen Enpresari eta Zuzendari elkartearen saria?
Hasieran, harrituta. Baina, gero, oso ondo. Elkartea ezagutu dut, eta ikusi dut lanean ari direla emakumea hor aurrean jartzeko, esparru guztietan.

Sektoreari emandako saria dela uste duzu?
Gizartean gaizki ikusitako sektorea da gurea, zelanbait. Alde horretatik, saria arriskuko apustua, erronka izan dela uste dut. Baina garrantzitsua ere bai. Badakigu ingurumena garrantzisua dela, eta lanean dabiltza. Azken urteetan teknikarien papera asko igarri da, lan handia egiten ari dela uste dut.

Harrobiko lana txarto ikusita dago?
Bai. Istripuekin, leherketekin, herritarren kexekin... lotzen da. Baina alde positiboa ere ikusi behar dela uste dut. Harrobitik ateratzen dena gizarteak berak eskatzen duen produktua  da. Kareharria beharrezkoa da hormigoia, asfaltoa, aurrefabrikatuak, morteroa, lan publikoak... egiteko. Dugun ondasun hau guk geuk baloratzen dugu gehien. Uraren ostean, lehengai eskatuena da kareharria, eta, zorionez, Bizkaian oso kareharri ona dugu. Eraikuntzarako erabiltzen dira aleak %90ean, baina, elikaduran ere bai: oso kantitate txikietan azukrea fabrikatzeko ere erabili daiteke. Gertatzen dena da kareharri hori Urkiolako parkeagaz dagoela lotuta, ingurumenari dagokionez babestuta dauden tokiekin. Horretaz jabetu behar dugu, eta hor jarraitu gura badugu, errespetatu egin behar ditugu bizilagunak eta ingurumena. Oso arduratsuak izan behar dugu.

Iaz ere saria eman zizun
Bizkaiko Harrobi Enpresen Elkarteak.
Bai, sektore txikia gara eta hori ezagutarazteko modua izan zen. Familia enpresak dira gehienak eta duela 25 urte hasitakoak hemen gaude. Familia txiki bat gara. Bizkaian 18 esplotazio gara.

Atzealdean egiten duzu orain lan. Zein da zure lana ?
Bezeroari begirakoa, uneoro gaude harremanetan. Produktuen kalitatea zaintzen dut
—aleena eta hormigoiarena— eta jarraipena egin. Obra amaitzean berme-ziurtagiriak ere egiten ditugu. Enpresatik kanpoko kontrola Teknaliak egiten du.  I+G arloan ere bagabiltza lanean Teknaliagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!