La Otra Mirada taldeko boluntarioen lana, Senegaleko hainbat lagunentzako argia

Markel Onaindia 2017ko uzt. 7a, 10:15

Meskita bitan ipini dituzte eguzki-plakak.

Senegalen eta Mongolian laguntza proiektuak garatzen ditu Durangaldeko La Otra Mirada elkarteak, eta boluntarioen lana beharra duten hainbat lagunentzako argi bihurtzen da. Senegal hegoaldean, adibidez, eguzki-plakak eta fokuak ipini dituzte herri bitan.

Elena Ariznabarreta iurretarrak esplikatu du eskola batean, bulego batean eta meskitetan instalatu dituztela eguzki-plakak, argindarra sortu ahal izateko. Gainera, etxeetan foku mugikorrak banatu dituzte; mugitu ahal izatera, etxeetan ez ezik beste leku batzuetan ere erabili ahalko dute argia.

Ura, eskolarako
Ez da hori Senegalen duten proiektu bakarra.  Iaz, iparraldean, eskola batera ura eramateko kanalizazioa egin zuten. Aurrera begira ere badute ideiarik; datorren ikasturtean, emakumeek lan egiteko xaboi fabrika bat muntatuko dute herrialdearen hegoaldeko partean. Genero ikuspegia ere lantzen dute, beraz. Bestalde, Mongolian ume elbarrituei zuzendutako eguneko zentro bat zabaldu dute.

Laguntzaileei eskerrak
La Otra Miradaren egitasmo hauek ez lirateke posible izango boluntarioen lanik barik eta makina bat herritar eta eragileren laguntzarik barik. “Eskerrak eman gura dizkiegu laguntzen parte hartzen duten guztiei”, adierazi du Ariznabarretak. Kalean ipinitako postuak, egutegiak, herritarren diru-ekarpenak, moto kontzentrazioak, erakunde eta elkarteen diru-laguntzak... Era askotan jasotzen dute ekarpena, beharra dutenen alde beste begirada batez lan egiteko. www.laotramirada.info webgunean topa daitezke informazioa eta laguntzeko bideak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!