Iurretako Larrakozelai zelaiaren ondoan hasiko da, 08:36an. Han kamera bat jarriko dute, eta autoak abiatzen diren unea zuzenean jarraitu ahalko da Durangalde Racing-en webgunean. “Euskal Herrian horrelakorik egiten den lehenego aldia izango da”, adierazi du Aketza Santakoloma Durangalde Racing-eko kideak. Lehenengo tarteak 11 kilometro ditu eta Iurretatik Oizera izango da.
Goizeko bigarren tartea rallyari izena ematen dion Bizkaiko begiratoki inguruan hasi eta Berroja auzoan amaituko da (9,6 km) 09:04an. Tarte horiek birritan egingo dituzte.
Kilometro tarte berria
Aurtengo rallyko beste nobedade bat arratsaldeko ibilbidean dago. Oromiñotik abiatuta, Ibarruri eta Mauma lotuko ditu 13 kilometrotan. Azkenengo kilometroen tartea berria da. Errepide estua eta bihurgunetsua da.
Rallya irabazteko faborito nagusia Aingeru Castro da. Lea Artibaiko proba irabazita, lider dela etorriko da. Gaur, 18:00etan, autoak Landako Gunean izango dira, egiaztapen teknikoak pasatzeko.