Jaialdiaren izenburuak adierazten duen bezala, bertsioen jaialdi bat egitea ez ezik, oholtza gainera ateratzen direnek zein bihar Plateruenera bertaratzen diren musikazaleek ere ondo pasatzea, dibertitzea, da Platerueneko biharko hitzorduaren helburua. Horrela, jai horretan parte hartzeko, 70eko hamarkadako arropekin janztera animatu dituzte musikariak zein entzuleak jaialdia antolatu duten Platerueneko kideek.
Durangaldeko hainbat herritako musikariek osaturiko bost musika taldeek askotariko bertsioak eskainiko dituzte Plateruenean, bihar. Besteak beste, Nino Bravo, Anje Duhalde, The Clash, Bob Marley, John Lennon edo Black Sabbath taldeen kantak joko dituzte.
Hainbat taldetakoak batuta
La Década Religiosa taldea da parte hartuko duenetariko bat. Abadiñoko Muted eta Ymotek eta Berrizko Tres41 musika taldeetan jotzen duten lau musikarik sortu dute taldea, Platerueneko bertsioen gauan parte hartzeko, espreski. Edu Perezek, Aitzol Maiztegik, Javi Villarrek eta Asier Otadui Zana-k Nino Bravo, Rafaela Carra, Fórmula Quinta edo Tony Ronald taldeen kantak joko dituzte, adibidez.
Berrizko talde gazte bi
Berrizko Etsipen eta Kohatu taldeetan dabiltzan zazpi musikari gazte ere animatu dira Platerueneko bertsioen jaian euren alea ipintzera. Etsipen taldeko Ibon Azpirik, Iker Olabegoiak, Imanol Jareñok eta Martin Sarasketak The Clash talde ingelesaren kantak joko dituzte Dibertsio Gauan.
Black Sabbath taldearen kanta ezagunak joko dituzte, bestalde, Kohatu taldeko Joseba Romerok, Xabi Gutierrezek, Bingen Bañosek eta Martin Sarasketak. Besteak beste, London Calling, Death of Glory, Paranoid eta Children of the Grave kantak joko dituzte Berrizko musikari gazteek.
Zornotzarren akustikoa
Eneko Larruzea eta Arantza Agirre Zornotzako musikari gazteak akustikoan jardungo dira Durangoko Dibertsio Gauan. John Lennon, Bob Marley, Abba, Bonnie Tyler, Benito Lertxundi, Patti Smith eta Anje Duhalderen kantak joko dituzte, besteak beste. Agirregaz bikotea osatu aurretik, bakarlari jardundakoa da Larruzea, eta Kezkak taldean ibili zen Agirre. Urritik dihardute elkarregaz jotzen, eta dagoeneko euren kantak konposatzen ere hasita dauden arren, orainarte bertsioak jo izan dituzte batez ere.
Ermuako beteranoak
Lau musikari ermuarrek sorturiko Cien Duros taldeak ere parte hartuko du Dibertsio Gauan. Juanjo de Miguel, Pedro Maeso, Angel Cáceres eta Miguel Ballesteros taldekideek urte asko daramate hainbat musika taldetan jotzen, eta, bihar, gaztetatik entzun dituzten Scorpions, Rainbow, UFO edo Trust taldeen kantak joko dituzte.