Bide horretan, Larrabetzuko eskola aitzindaria da. 1978tik, eskola sortu zenetik, guraso elkarteak kudeatzen zituen jantokiko begiraleak eta lehengaien erosketa. 2000. urtean, lege aldaketagaz, eskola jantokiak catering enpresen esku gelditu ziren. 2008an, Larrabetzuko eskolak uko egin zion planteamendu horri. Horrela, jantokiaren ardura osoa guraso elkartearen esku gelditu zen, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarik barik. “Catering enpresa bat hartzerakoan, kontrol falta izango genuen. Elikagaien kalitatearen inguruan kezka genuen”, dio Ekaitz Barrenetxea guraso elkarteko kideak. Gaur egun dituzten jantokiko kuotak Jaurlaritzako delegaritzak markatzen dituenak dira: 4,6 euro ume eta menuko. Egunero, 240 menu banatzen dituzte. Produktu guztiak herrian erosten dituzte, lehen sektoreko baserritarrei edo bertako dendariei. “Jantoki zerbitzuaren gastu orokorraren %80 herrira bueltatzen da”, azaldu du Barrenetxeak. Berton Bertokoaren eta halako dinamiken garrantzia azpimarratu du Larrabetzuko gurasoak: “Esperantza handiagaz ikusten ari gara beste eskola batzuetan mugitzen ari direla. Gure etorkizuna ziurtatzeko era bat dela ikusten dugu. Denon indarrak batu behar ditugu”.
Markinako esperientzia
Markinako Bekobenta LHI eta Markina DHI ikastetxeek esperientzia pilotu bat jarri zuten martxan iaz, Jaurlaritzagaz batera. Jaurlaritzak sukaldariak jartzen ditu, eta guraso elkarteak elikagaiak eta begiraleen kontratazioa hartzen ditu bere gain. Erosketa egiterakoan, hurbileko elikagaiak lehenesten dituzte, eta sasoian sakoikoak.Zuriñe Egia guraso elkarteko kidearen esanetan, proiektua martxan jarri eta hiru hilabetera ebaluazio bat egin zuten, eta %95ek oso gustura zegoela adierazi zuen. Egiak dioenez, “eguneko jatordurik garrantzitsuena eskolan egiten dute umeek, eta kalitatezko janaria jaten dabiltzala kontrolatu ahal izatea inportantea da”.
Elikatu poza
Durangoko Kurutziaga ikastolak, guraso talde batek bultzatuta, hausnarketa egin du jantokiko elikaduraren inguruan. Elikatu poza proiektuaren barruan, sasoiko eta bertoko produktuak sartu dituzte. Gainera, elikagai ekologikoen aldeko apustua egin dute.
Bertako produktuen azoka egingo dute biharko jaianPirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, artzain-txakurren erakustaldia, puzgarriak, herri bazkaria... Egitarau oparoa antolatu dute Berton Bertokoa dinamikako kideek biharko, Abadiñon. Nabarmentzekoa da, euren filosofiari jarraituta, bertako ekoizleen azoka egongo dela. Eskola publikoetako jantokien gestioa arautzen duen legea aldatzea da mugimenduaren azken helburua. Durango –Landako eta Zabalarra–, Iurreta, Abadiño, Atxondo, Berriz, Elorrio eta Zaldibarko guraso elkarteak daude batuta. |