Itxaro Juaristik eta Ainhoa Urienek emandako gaiekin arituko dira Eneko Abasolo Abarkas, Txaber Altube, Ander Aldazabal, Iruri Altzerreka, Miren Amuriza, Iker Apraiz, Aitor Bizkarra, Eneko Barruetabeña, Igor Elortza, Aitor Esteban, Igor Galartza eta Manu Goiogana bertsolariak, Xabi Aburruzaga eta Josu Zabala soinujoleek lagunduta.
Txapelketaren aurreko hiru aldietan bezala, umore ona izango da Otxandioko zapatuko saioko osagai nagusia, eta auzoko jaien barruan egingo denez, baita jai-giroa ere. Kopla txapelketako laugarren irabazlea nor den jakin ostean, musikarien txanda izango da Mekoletan. Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek taldearen erromeriagaz amaituko dute jaia.
Berriz, Abadiño, Durango eta Iurretatik pasatuko den autobus bat ipini dute Otxandiora joan gura dutenentzat. 19:00etan aterako da autobusa Berriztik, eta Durangaldeko bertso eskoletan eman ahalko da izena autobus zerbitzu hori baliatzeko.