Durangoko mendi taldeak Hego Amerikako herrialdea ezagutzeko aukera eskainiko du, uztailaren 27tik abuztuaren 22ra. Patagoniara (Argentina eta Txile) behin baino gehiagotan joan izan dira, eta, aurten, Peruko iparraldeak eskaintzen duen aberastun natural eta kulturala aukeratu dute.
Inken zibilizazioak 2.490 metroko garaieran eraikitako Machu Pichu herrixka da bidaiako egunpasetako bat. Mendia eta historia uztartuko dituzte egun horretan.
Andeetako beste tontor batzuk ere igoko dituzte: bost mila metroko Urus eta Pisco eta sei milako Chachani, beste mendi batzuen artean. “Mendi garaiak dira, baina tenikoki errazak igotzeko. Alde horretatik, ez dute aparteko zailtasunik ematen”, azaldu du Alpino Tabira mendizale taldeko kide Jesus Alconerok.
Izen-ematea mugatua da, baina oraindik ez dago beteta. Mendi klubak Goienkalen duen lokalean apuntatu daiteke, martitzenetan eta eguenetan, 20:00etatik 21:00etara.
Camilleren ibilbidea
2010etik ez dago Camilleren arrastorik. Pirinioetako azken hartz autoktonoa zen. Frantziako Bearn haranean eta Nafarroa eta Aragoi iparraldeko lurretan bizi izan zen, 25 urtez. Camilleren habitat natural hartan paisaia ederrekin gozatu daiteke, helburu horregaz egindako ibilbide sare baten bidez. “Iaz hiru sare osoko ibilbide egin genituen, eta, aurten, amaitzeko falta diren hirurak egiteko asmoa dugu”, adierazi du Edu de la Cruz Erdella Mendizale Taldeko presidenteak. Uztailaren 1etik 4ra joango dira.
Adrenalina zaleak direnentzat beste proposamen bat dute uztailaren 22tik 25era: Arroilen jaitsiera. Bielsa aldera joango dira eta La Barrosa, Orniceto, Hoz de la Canal eta Trigo Niero arroilak jaitsiko dituzte.
Zornotza Mendi Taldeak Europako mendiak bertatik bertara ezagutzeko irteera antolatu du. Uztailaren 1ean eta 2an joango dira paraje ikusgarri hura bisitatzera.