Durangaldetik igarota, Euskal Herriko barnealdea zeharkatuko dute Ibiltarian

Maialen Zuazubiskar 2017ko eka. 5a, 16:30

AEK-k udan antolatzen dituen barnetegiek tokian tokiko euskara eta euskalkiak praktikatzeko aukera ematen dute. Barnetegi horietako bat uztailaren 15ean hasten den Barnetegi Ibiltaria da.

Aurten, Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du Barnetegiak. Areatzan  (Bizkaia) hasi eta Durangaldetik pasatu ondoren, hamabost egun geroago Izaban (Nafarroa) bukatuko da. Gorbeia igo ondoren, Otxandion bukatuko dute lehen mendi martxa AEK-k antolatzen duen udalekuetako parte-hartzaileek. Otxandion gaua pasatu ostean, Gipuzkoa alderantz joko dute, Orixoletik. Aizkorri, Orhi... igo ondoren, uztailaren 28an Hiru Erregeen Mahaiara igoko dira barnetegiko kideak. Biharamunean, Izaban emango diote amaiera Barnetegi Ibiltariari.

“Mundu guztiak egin ditzakeen ibilbideak dira. Gainera, taldeak markatzen duen erritmora moldatzen gara”, adierazi du Asier Arroita AEK-ko kideak. 18 urtetik gora, adin guztietako gizon eta emakumeek parte hartzen dute bertan. Esaterako, iparraldeko 67 urteko emakume batek eman duela izena adierazi du Arroitak.

AEK-ko kidearen hitzetan, lagun artean kirola egin eta Euskal Herriko hainbat mendi eta txoko ezagutzeaz gain, udan eskaintzen dituzten barnetegi hauek euskaraz bizitzeko aukera “aparta” eskaintzen  dute.

Bizikletako ibilaldia
Oinezkoen Barnetegia bukatutakoan, uztailaren 29an, txirrindulariena hasiko da. Deban hasi eta Etxarri-Aranatzen bukatuko da, eta Durangaldetik ere igaroko da. Uztailaren 31n, Urkiola igo ondoren, Otxandion egingo dute lo. Biharamunean, Otxandiotik irten eta Durangaldeko hainbat herritatik pasatu ostean, Arrasaterantz joango dira. Bizikletan “giro paregabean” aritzeko aukera ezin hobea dela esan du Arroitak.

Oinezko zein bizikletako barnetegian izena eman gura duenak ibiltaria@aek.org helbidera idatzi beharko du. Barnetegiek 530 euroko balioa dute, eta prezio horren barruan ostatuak,  jatorduak eta furgoneta laguntzailea (traste denak eramateko) sartzen dira.

Familia Barnetegia
Bestalde, familian euskaraz hitz egitea bultzatzeko asmoz, uztailean AEK-k familia barnetegiak antolatzen ditu. “Barnetegi hauen helburua, helduen hizkuntza ohiturak aldatuz, guraso eta seme-alaben arteko harremana euskaraz izatea da”, adierazi du Erkuden Aristu Udako Barnetegietako arduradunak.

Helduak euskaraz ikasten egoten diren bitartean, etxeko gaztetxoak barnetegiko begiraleekin txangoak, eskulanak... egiten dituztela jakitera eman dute antolatzaileek.

Aurten, Foruan, Adunan eta Zugarramurdin egingo dituzten barnetegietan izena eman gura duten familiek badute dagoeneko aukera. “Jartzen dugun baldintza bakarra 4 eta 12 urte bitarteko gazteak D ereduan matrikulatuta egotea eta gurasoek A2 maila gaindituta izatea da”, gaineratu du Aristuk.

Familia Barnetegian izena eman gura dutenek udabarnetegiak@aek.eus helbidera idatzi beharko dute. Helduek 480 euro eta haurrek 285 euro ordaindu beharko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!