Oraingoan hiru izan zarete. Zelan aldatzen du horrelako bidaia bat 3 urteko semeagaz egiteak?
Guk argi genuen seme bat izateak ez zuela zertan gure bidaien amaiera ekarri. Orain zortzi urteko bidaian belgikar batzuk ezagutu genituen, eta gu baino lehenago izan zuten umea. Beragaz bidaiak egiten hasi ziren eta esperientzia hori lagungarri izan zaigu. Semeagaz joatea desberdina da. Batetik, kilometro gutxiago egiten dira umeagatik, eta beti ondo hornituta joaten zara: janaria, ura… Lehen, atsedenaldirako geratu eta lo-kuluxkatxoa egin edo liburu bat irakurtzen genuen. Orain iruditzen zaigu gehiago deskantsatzen dugula bizikleta gainean (barreak). Baina, jakina, alde on asko ere baditu. Norberak horrelako esperientzia bat izatea berezia da, baina semeagaz bizitzea itzela da: animaliak ikusten dituenean, errekan bainuak hartzean, denda muntatzen laguntzen dizunean…
Gainera, horrelako bidaia bat ume baten irudimena eta sormena lantzeko baliagarria dela uste dut. Horrelako bidaia batean berari eskaintzeko denbora eta pazientzia gehiago ere izaten da. Hemen, hau dela edo bestea dela, gaitzagoa da.
Zergatik Australia?
Eguraldi txarra ekidin gura nuen, gogorra da-eta. Gainera, Australian koadrilako bat dut, bere familiagaz, eta aurreko bidaian egindako lagun australiar bi ere baditugu han. Ilusioa egiten zigun eurekin egoteak.
Herrialdea gustatu zaizue?
Egia esanda, hasieran Australia ez zitzaigun oso deigarri egiten. Hemen hango hondartzak eta surferako zaletasuna ezagutzen ditugu, eta gu gehiago gara mendizaleak. Erreparo apur bategaz joan ginen. Baina gustatu zaigu. Bizikletan ibiltzeko pista asko daude, eta ondo seinaleztatuta. Hirurok elkarren ondoan solasean ibiltzea ahalbidetu digu horrek. Sekula ez gara hain lasai ibili. Faunaren aldetik ere aberatsa izan da. Oso pozik gaude.
Australian bizitako zer nabarmenduko zenuke?
Batetik, hango lagunekin berriro batzea. Oso polita izan da. Bestetik, kanpaldiak oso bereziak izaten dira guretzat. Egun gogor baten ostean, erreka ertzean kanpalekua altxatu eta izarrez betetako zeruaren azpian afaltzea… Gabonetako banketean moduan gozatzen dugu.
Zer eskaintzen dizue mundua bizikletan ezagutzeak?
Lurraldeak eta jendea beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera eskaintzen digu. Berezia eta desberdina da.
Abentura hau azkena izango da?
Ez, ez dut uste azkena izango denik. Hego Amerika eta Taiwan ditugu buruan, eta Amerikako Estatu Batuetara itzultzea ere gustatuko litzaiguke. Badakizu, gu beti amesten. Ez dakiguna da hurrengoa zein formatutan izango den, laster Himal nagusiegia izango delako karroan eramateko. Baina Belgikako lagun horien esperientzia dugu. Eurek karroa aldatu dute, eta badabiltza. Beraz, badugu jarraitzeko eredu bat.
Semearen izena ere bidaia bati zor diozue.
Bai, aurreko bidaia luze hartako bizipen batetik dator. Himalayan trekking-a egiten genbiltzan eta elurra mara-mara egiten hasi zen une batean. Etxe batean hartu genuen ostatu. Hango andreak , urduri, ‘Himal, Himal’ esaten zigun elurra egiten zuela adieraziz edo hango mendi elurtuei erreferentzia eginez. Anekdota horretatik hartu genuen izena.