Jon Pertika folklore sustatzailea sarituko dute Merinalde Egunean

Markel Onaindia 2017ko eka. 2a, 11:00
Gerediagako foru zelaian izango da ekitaldia, 12:30ean. (Argazkia: dantzan.eus)

Bihar ospatuko da Merinalde Eguna Gerediaga elkartearen eskutik, eta horren baitan, Jon Pertika folklore sustatzaileari emango diote Teila saria, Durangaldeko dantzak ezagutarazten egin zuen lanaren errekonozimendu lez.

12:30ean izango da ekitaldia, Abadiñon, Gerediagako foru zelaian. Teila saria eman aurretik, zenbait bideo proiektatuko dituzte, Zubiaurre anaia margolarien inguruko bat eta Berrizko eta Iurretako dantzekin lotutako bana, hain zuzen.

Bizkaiko dantzak berreskuratzen eta horiei ikusgarritasuna ematen ibili izan da Pertika bilbotarra, Gerediagak dioenez. Tartean, Durangaldeko Dantzari-dantza ikasi, eta Basurtuko Beti Jai Alai taldeagaz munduan zehar zabaldu du.

1997an eman zuen lehenengoz Gerediagak Teila saria. Oraingoz, Gregorio Monreal, Pedro Mari Basañez, Adrian Zelaia, Karmele Goñi, Enrike Ibabe, Jose Angel Barrio Loa, Jose Luis Muñoyerro, Iñaki Garcia Camino eta Juanjo Moreno izan dira sarituak.

Nobedadea, oinez
Durangaldeko historia ezagutzera ematen du Gerediagak Merinalde Egunean. Aurten, nobedade lez, oinezko ibilbide bat prestatu dute, Garaiko San Juan Momoitiotik Abadiñoko Astolaraino, eta 09:00etan hasiko da. Momoition antzinako gizarte egitura aztertuko dute; Garaiko udaletxean elizateen sorreraz jardungo dira; Gerediagako foru zelaian Merinaldeko ordezkarien batzarrak oroituko dituzte; eta Astolan, auzitegia eta kartzela zena bisitatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!