Durangaldeko hainbat partaide izango dira Bizkaiko bertsolaritzaren zapatuko jaian

Itsaso Esteban 2017ko eka. 1a, 17:00
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak asteon aurkeztu du zapaturako prestatu duten egitaraua.

Markina-Xemeingo Akerbeltzen Antxumak taldeagaz, Durangaldeko bi talde ailegatu dira udaberrian jokatu den Bizkaiko taldekako bertsolari txapelketako finalera: Abadiñoko Koipelustre’s eta Iurretako Bertso Taldea. Zapatuan, 17:00etan, Markinako frontoi txikian egingo duten saioan erabakiko da txapelketa horretako irabazlea. 

30 talde aritu dira taldekako formatuan lehenengoz egin duten txapelketa horretan, eta 200 lagunetik gora jardun dira bertsolari, epaile, gai-jartzaile eta laguntzaile lanetan. 

Finalera ailegatu diren Durangaldeko talde biak formatu berritzaileko txapelketa horretako parte-hartzaileen aniztasunaren adibide dira: badaude oso gazteak direnak, beteranoak, aspaldi bertsogintzatik aparte ibili direnak, hasiberriak...

Egun osoko egitaraua

Bizkaiko bertsolaritzaren jaia izango da ekainaren 3an egun osoan Markinan egingo dutena, eta taldekako finala ez ezik, eskolartekoa ere jokatuko dute bertan. 10:00etan, eskolarteko bertso idatzien finala egingo dute; eta 11:30ean, eskolarteko bat-bateko sariketarena. 14 eta 18 urte arteko 40 bertsolarik hartu dute parte bat-bateko txapelketan, eta honako zortzikote hau ailegatu da finalera: Aritz Landeta, Beñat Bilbao, Bittor Altube, Eztizen Altube, Gorka Pagonabarraga, Iruri Altzerreka, Maider Barañano eta Naroa Torralba. Altube, Pagonabarraga eta Altzerreka izango dira eskolartekoan Durangaldearen ordezkariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!