Nora zoazte zehazki? Zer asmo duzue?
Amaia Elizaran Mendarte: Koadrilako bategaz joango naiz, baserri antzeko batera lan egitera. Hegaldia soilik ordaindu dugu; han egotea doan da, lan egitearen truke. Eurek emango digute jatekoa eta ostatua. Danimarkako Birkerød herrira noa, Kopenageko irlan dago.
Miren Alonso Ajuria: Ni Corkeko herri batera noa, Irlandara. Nik ere lan egingo dut egonaldiaren truke.
Zelan okurritu zaizue esperientzia hau probatzea?
A.E.M.: Iaz gure lagun batek egin zuen; Suediara joan zen. Aurten berriro gura zuela esan, eta azkenean hiru apuntatu gara. Beste herrialde bat ezagutzeko modu bat da.
M.A.A.: Azken batean, ingelesa ikasteko modu merke bat da, eta lan egiten esperientzia lortzen duzu, gainera. Jendea ezagutzeko ere balio du.
A.E.M.: Bai. Adibidez, gu goazen lekuan amerikar bat eta suediar bat egongo direla esan digute.
M.A.A.: Nire kasuan, uste dut jende asko egongo dela. Izan ere, etxejabeak negutegiak ipini zituen, eta hainbat gazte hartzen ditu horiek mantendu ahal izateko.
Zelan eman daiteke izena proiektuan?
A.E.M.: Interneteko plataforma bat osatzen dute baserriek, Wwof izenekoa, eta edozein herrialdetako bat aukeratu ahal duzu. Lehenik, herrialdea bera hautatu behar da, 20 bat euro ordaindu, eta gero familia bat hartu. Harremana eurekin bakarrik izaten duzu.
Baserriko lanera zoazte. Badakizue zer tokatuko zaizuen? Prest zaudete?
M.A.A.: Aurretik lan egin izan dut baserrian, zeozertxo. Orain, batez ere ortuan ibiliko gara.
A.E.M: Ortuan lan egingo dut, baina erleak eta oiloak ere badituzte, adibidez. Gainera, taberna eta denda bana dute, eta jendea erostera joaten da. Komunitate baten modukoa da.
Kontatzen duzuenez, zuek zoazten baserriek filosofia berezia dute...
A.E.M: Bai. Baserri horiek, normalean, proiektu ekologikoak edukitzen dituzte.
M.A.A.: Autogestionatuak izaten saiatzen dira baserriak, ur zerbitzuagaz, esaterako.
Eta zergatik aukeratu dituzue Danimarka eta Irlanda?
M.A.A.: Hasieran Eskoziara joan gura nuen, baina Erresuma Batuan ez diete adin txikikoei uzten. Horregatik, Irlandara noa.
A.E.M.: Danimarka ez da oporretarako leku ohiko bat, eta aukera honegaz ez balitz, uste dut ez nintzatekeela joango. Txekiar Errepublika ere bazegoen aukeren artean, baina nahiko desberdina dela-eta, ez genuen hartu.