Oihana Azkorbebeitia laugarren sailkatu da Zegama Aizkorrin

Jone Guenetxea 2017ko mai. 28a, 20:24

Errekorrak hautsi dituzte, aurten, Zegama Aizkorri maratoian. Kilian Jornetek 2014an ezarritako denbora hobetu du Stian Angermundel norvegiarrak (3:45:08). Emakumezkoetan ere, Maite Maiora gipuzkoarrak errekorra hautsi du (4:34:27). Durangaldeko ordezkariek ere lan txukuna egin dute. Emakumezkoetan Oihana Azkorbebeitia laugarren heldu da helmugara (sailkapen orokorrean 102. postuan). Abadiñarrak maratoi honetan parte hartzen duen 9. aldia da. Bere denborarik onena 21 minutuan hobetu du.

Ander Gerrikaetxebarria (18) zornotzarra, Markel Zamakona otxandiarra (78), Erlantz Zaldunbide iurretarra (81), Oihana Azkorbebeitia abadiñarra (102, eta 4. emakumeetan), Arkaitz Iturriagaetxebarria abadiñarra (126), Zigor Iturrieta zornotzarra (155) eta Ander Bastida durangarra (427) izan dira eskualdeko ordezkariak. Parte-hartzaile guztiek giro sargoriari aurre egin behar izan diote. Ibilbide osoan zehar zaleen animoak jaso dituzte.

Jose Mari Bernedo zaldibartarrak laugarren amaitu du beteranoen mailan eta 36. tokian sailkapen nagusian 4.23ko denboragaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!