Zozketak eta sariak, Anbotoren Lagunek emandako babesa eskertzeko modu bat

Anboto 2017ko mai. 19a, 17:00

Anbotoren Lagunen komunitatea handitzen doa. Astekaria eta webgunea doan irakurri ahal dira, baina asko eta asko dira proiektuari ekarpen ekonomikoa egiten diotenak, urtean 30 euro emanda. Euskarazko hedabideari etorkizunera begiratzen laguntzen diote horrela.

Ehunka lagun horien babesa estimu handiz jasotzen du ANBOTOk, eta euren ahaleginaz jabe izanda, eskertzeko modu bat proposatzen du zozketa eta sarien bidez. Durangaldeko eta kanpoko hainbat komertzioren partaidetzari esker, opariak zozkatzen ditu: bidaiak, asteburupasak, dastaketak, jostailuak,  gimnasiorako bonuak, etxetresna elektronikoak, kultur ikuskizunetarako sarrerak, liburuak...

Deskontuak
Horrez gainera, Anbotoren Lagun direnek abantailak eta deskontuak jaso ahal dituzte komertzioetan, komunitateko partaide direla egiaztatzen duen txartela erakutsita.

Gura duten guztiek eman ahal dute izena Anbotoren Lagun bilakatzeko.

 

___________________________________________________________________________________________________

IZASKUN UGALDE LAUZIRIKA (Durango)

Anbotoren Lagunen artean zozkatutako sari potoloena Izaskun Ugalderi egokitu zaio: Andaluziara bidaia.

Zelan hartu zenuen saria?
Sorpresa handia izan zen. Ez nuen inolaz ere espero Andaluziara bidaia guri tokatzea.

Egin duzu bidaia?
Ez dugu joateko aukerarik izan. Irailerako utzi dugu. Almeriara joango gara, 10etik 17ra.

Gogoratzen duzu noiz egin zinen Anbotoren Lagun?
Ez dut akorduan. Urte batzuk badira. Merezi du, euskaraz delako eta formatua ere gustuko dudalako. Euskarazko hedabide gutxi daude, eta bultzatu egin behar ditugu.

Zer da ANBOTO astekaritik gehien gustatzen zaizuna?
Dena gustatzen zait. Informazio guztia interesekoa da. Astekaria etxean jasotzen dudanean, azalari eta kontrazalari begiratzen diet lehenengo. Ale horretan idazten duten kolaboratzaileen atalei ere begiratzen diet.

___________________________________________________________________________________________________

AITOR ZUBEROGOITIA ESPILLA (Durango)

Mondragon Unibertsitateko irakaslea da, eta gertutik ezagutzen ditu hedabideen erronkak.

Asteburupasa bat talasoterapia zirkuituagaz tokatu zitzaizun. Gustura?
Oso ondo etorri zitzaigun. Umeak aititagaz eta amamagaz utzi, eta geu bakarrik talasoterapiara joateko aitzakia perfektua izan zen. Gainera, institutu sasoiko lagun batzuk ikusteko aprobetxatu genuen.

Zelan ikusten duzu kanpaina?
Ikerketarik gehienek diote prentsaren krisiari aurre egin diotenak inguruan komunitate bat sortzen asmatu dutenak direla. Produktuaz aparte, beste gauza batzuk ere antolatu izan dituzte. Eta kanpaina hau eskema horretan bete-betean sartzen dela uste dut.

Noiztik zara Anbotoren Lagun?
Orain 7 bat urte etorri ginen Durangora bizitzen, eta bertakotzen hasteko, argi geneukan ANBOTO oso tresna eraginkorra izango zela.  Gero, kanpainaren berri izatean, bultzatu egin behar genuela ikusi genuen.

___________________________________________________________________________________________________

MIKEL PETITE GUENAGA (Abadiño)

Traña-Matienako Petite liburudendan aspalditik jasotzen dute ANBOTO, eta, gainera, lagun ere badira. Mikelek bere esperientziaren berri eman digu.

Zer lortu duzu Anbotoren Lagunak kanpainari esker?
Iaz pultsometro bat tokatu zitzaidan zozketan. Egia esan, ondo etorri zait; kirola egiten dut eta erabiltzen dut.

Noiz eman zenuen izena?
Nik uste, kanpaina hasi eta gutxira egin ginela Anbotoren Lagun. Hemen inguruko astekaria da, euskarazkoa, eta beti irakurri izan dugu. Beraz, laguntzeko bide bat zelakoan eman genuen izena. ‘Eraz’ ere irakurtzen genuen, eta gero ANBOTO.

Zozketekin egiten den eskaintza ona dela uste duzu?
Batez ere egitasmoari laguntzearren parte hartzen dugu. Azken batean, hedabide euskaldun gutxi dago. Baina eskaintza ona da, bai. Laguntzeko ideia horri sariak gehituz gero, jendea animatu ahal dela uste dut.

___________________________________________________________________________________________________

ANE ELORDI ALBURQUERQUE (Zornotza)

AEKn euskara irakaslea da 26 urteko zornotzarra. “Euskarazko kalitatezko kazetaritza bultzatzeko” helburuagaz egin zen Anbotoren Lagun, iaz.

Anbotoren Lagunen artean zotz egindako sari bat tokatu zaizu, ezta?
Bai, Durangoko San Agustin kulturgunean antzezlan bat ikusteko sarrera bi tokatu zitzaizkidan, Anbotoren Lagunen artean egindako zozketa batean. Pozgarria izan zen oparia: denoi gustatzen zaigu noizbait zerbait tokatzea. Ni ezin izan nintzen joan, baina aitari eman nizkion sarrerak, eta bera joan zen, lagun bategaz.

Gogoratzen duzu noiz erabaki zenuen Anbotoren Lagun egitea? Zerk eraman zintuen Anbotori modu horretan laguntzera?
Uste dut iaz izan zela. Durangaldeko berriak euskaraz eta kalitatez eskaintzen dizkigu ANBOTOk, eta proiektu hori bultzatu gura nuen. Zornotzan, gainera, ez daukagu euskaraz gertuko albisteak jasotzeko beste bitartekorik, eta inportantea deritzot ANBOTOk egiten duen lanari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!