Berton Bertokoa: “Eskoletako jantokiak erregulatzen dituen araudia aldatzea da jaiaren aldarrikapena”

Markel Onaindia 2017ko mai. 18a, 16:00

Sindikatuetako ordezkariekin eta ikastetxeetako zuzendariekin egin zuten agerraldia, Abadiñon.

Durangaldeko eskola jantokietan bertako eta sasoiko produktuak jatearen aldeko dinamikak, Berton Bertokoak, egun osoko egitaraua prestatu du ekainaren 10erako, euren eskakizunen bozgorailu izan dadin.

Atzo egin zuten aurkezpena, Abadiñon, jaia ospatuko den lekuan, sindikatuek eta ikastetxeetako zenbait zuzendarik babestuta. “Eskoletako jantokiak erregulatzen dituen araudia aldatzea da jaiaren aldarrikapen nagusia”, adierazi zuten dinamikako kideek.

Kontua da Eusko Legebiltzarrak 2000. urtean onartutako legeak ezartzen duela zelan gestionatu behar den jantokietako zerbitzua. Catering enpresen esku dago, eta ikastetxeek ez dute eskumenik erabakiak hartzeko. Zerbait desberdina egin gura izanez gero, laguntza publikoa galduko lukete zentroek. Duela 17 urtera arte ikastetxe bakoitzak zeukan bere jantokiaren ardura, eta Berton Bertokoako kideek horixe gura dute, eurek erabaki ahal izatea zer zerbitzu eman, eta zelan. Salatu dutenez, “2000. urtetik hona kalitatea bajatu” egin da. “Datorren ikasturtetik aurrera, bertako eta sasoiko produktuak eskaintzen hasteko garaia da”, aldarrikatu diete erakunde publikoei.

Goizetik hasita
Ekainaren 10ean goizetik hasiko da jaia: puzgarriak, tailerrak, artzain txakurren erakustaldia, ekoizleen azoka, herri bazkaria... 17:00etan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna egongo da, eta 18:00etan Dj Bull.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!