Mas Curvas eta Durangalde Racing elkarteen 10. urtemuga, eskualdean afizioa dagoen erakusle

Markel Onaindia 2017ko mai. 17a, 09:13

Afizio guztietan bezala, motoak edo autoak gidatzeko zaletasuna politagoa da konpartitua izaten bada. Horixe pentsatu zuten Durangaldeko hainbat zalek duela hamar urte, Mas Curvas eta Durangalde Racing elkarteak sortu zituztenean. Ekainean ospatuko du talde bakoitzak bere urteurrena, eta euren ibilbidea eskualdean afizio handia dagoen erakusle edo seinale da.

Mas Curvas elkarteko motozaleek Elorrion ospatuko dute lehenengoz urtemuga jaia, aurreko urteetan euren egoitzan eta Durangon egin eta gero. Martxa, gaztandegi batera bisita, 300 lagunentzako bazkaria, moto akrobazien ikuskizunak, kamioi amerikarren erakusketa, kontzertuak... Deneriko egitaraua prestatu dute ekainaren 10 eta 11ko astebururako, eta motozale guztiak gonbidatu dituzte.

Kanpoan ezagututa
“Astiro-astiro joan ginen elkar ezagutzen, kanpoan egindako kontzentrazioetan. Hartu-emana estutzen joan eta elkartea sortzea erabaki genuen”, azaldu du Juan Cruz Elvira Txapuk. Hasieran tabernetan batzen ziren, baina egokiena lokal bat hartzea izango zela konturatu, eta Aliendaldeko industrialdean zabaldu zuten egoitza. Gaur egun 21 bazkide dira.

Urtean zehar zaletasunaz gozatzeko ekintzak egiten dituzte, beti zerbait ludikoa gehituta: Txitxiburduntzia, moto-hamarretakoak, jostailu bilketa Gabonetan... Horrez gainera, bariku guztietan egoitzan batzen dira, iluntzean.

Segurtasuna aldarrikatzen
Afizioa errepide batean garatzen denean, bizia jokoan izaten da sarri. Horregatik, moto gidarientzat segurtasuna aldarrikatzen dute Mas Curvasekoek. “Gure borroka beti da bide bazterretako babesen inguruan. Salduta segitzen dugu arlo horretan. Bestalde, zebra-bideetako margoa oso labainkorra izaten da”, nabarmendu du Txapuk. Bestalde, seguruago ibiltzea da taldean irtetearen abantaila bat. “Segurtasunagatik hobe da, eta, gainera, leku batera heldu eta trago bat hartu ahal duzu lagunagaz”, esan du motozaleen elkarteko kideak.

Rallya aprobetxatuta
Durangalde Racingekoek ez dute Mas Curvasekoek lako jai handirik egingo, baina euren erara ospatuko dute 10. urtemuga. Ekainaren 17an antolatuko dute euren ekimen nagusia izaten den Bizkaiko Balkoia Rallya, eta hori aprobetxatuko dute ospakizunerako.

Aketza Santacolomak adierazi du aurtengo edizioan 80 bat gidari batzea espero dutela, eta tartean egongo dira eskualdeko onenak zein Euskal Herriko txapeldun izandakoak. Barikuan egiaztapenak egingo dituzte Durangoko Landako Gunean, eta zapatuan goizean eta arratsaldean jokatuko da rallya.

Lasterketa egunean 30 bat lagun elkartuko dira antolaketarako, eta guztira 200 laguntzaile edukiko dituzte. Beraz, elkarteak duen mobilizazio gaitasuna itzela da. Horrez aparte, bidaiak ere egiten dituzte kanpoko lasterketak ikusteko.

Lehenengo rallya oso gazte zirela antolatu zuten. “Nik 18 urte egin berri nituen, eta, egia esan, haizeak nondik jotzen zigun ere ez genekien. Baina inoren menpe ez egotea gura genuen, eta arin lortu genuen. Durangaldera bueltan ekarri genuen kirol hau”, gogoratu du Santacolomak.

Elkartea sendotzen joan eta hamar urtera heldu da, afizioa lagunartean partekatzeko helburuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!