Iurretak arazo handi barik gainditu du Mallabia Bizkaiko Herri Arteko Pilota Txapelketako final hamaseirenetan. Sei partidutik bost irabazi ditu. Abadiñok ezin izan du ezer egin Orozkoren kontra. Nagusietako partidu biak erraz irabazi, baina kadete eta gazteetako laurak alde handiagaz galdu ditu. Elorriori berdina gertatu zaio Portugaleteren aurka: nagusietakoak irabazi eta gainerakoak galdu egin ditu.
Kanporaketarik berdinduena Atxondok eta Usansolok jokatu dutena izan da. Joaneko jardunaldian atxondarrek abantaila hartu zuten kadete eta gazte mailako neurketak irabazita, baina itzulikoan hirurak galdu zituen.
Ondorioz, final zortzirenetan Durangaldeko talde bi izango dira: Iurreta eta iazko emaitzari esker erronda honetan hasiko den Zornotza. Iurretak Sestao izango du arerio. Joaneko partiduak barikuan, 19:00etan jokatuko dituzte Iurretako pilotalekuan. Zornotzak Zaratamoren kontra ekingo dio txapelketari. Joaneko jardunaldia Zaratamon jokatuko dute barikuan, 19:30ean.