Ume sahararrak hartzeko 5 familia gehiago apuntatuta, pozik daude Rio de Orokoak

Markel Onaindia 2017ko mai. 9a, 13:23

"Egitasmo honek zeraman tendentzia ikusita, arrakasta bat da 5 familia gehiago apuntatu izana", azaldu dute prentsa oharrean. Bestalde, maiatzaren 20an elkartearen aldeko egun osoko jaialdia egingo dute Durangon.

"Pozik eta asebeteta" daudela diote Rio de Orokoek. "Familia batzuengan txispa piztu dugula uste dugu", adierazi dute oharrean. Herriaren lekukoa hartuta, aurten lehenengoz eraman dute proiektuaren ardura Durangon, eta beraz, estreinaldi ona izan dute. Hedabideetan, sare sozialetan eta kalean zabalpen handia eman diote gaiari. 

Albiste on hori maiatzaren 20an ospatuko dute, Tabirako parkean egun osoko jaia antolatu baitute euren ekimenei bultzada ematen jarraitzeko. 11:00etan hasita, umeen jolasak, paella lehiaketa, dantzak eta kontzertuak iragarri dituzte. Paella lehiaketarako hilaren 19ra arte eman ahal da izena. Kontzertuak Sorginola gaztetxean izango dira Nevadah, King Kong Blues, Sangre de Mono eta EK Ramirez taldeekin.

Horrez gainera, hilaren 15era arte udako kanpalekuan izena emateko aukera eskaini dute, aniztasun funtzionala duten ume saharren begirale izateko. Webgunean dute informazioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!