Gure Esku Dago

Durangaldeko GED: "Gaurko eguna mugarri bat izan da"

Anboto 2017ko mai. 7a, 21:41

Durangaldeko Gure Esku Dago elkarteetako ordezkariek azaldu dutenez, "pozik eta harro" ezagutu dituzte gaurko galdeketako emaitzak. 

Andoni Urzelai Durangoko Gure Esku Dagoko kideak aitortu duenez, Durangoko parte-hartzea %20ko langara heldu ez izanak (%18,80koa izan da) sentsazio gazi-gozoa utzi dio. Hala ere, egindako lanagaz eta emaitzagaz "pozik eta harro" daudela azpimarratu du. "Egun zoragarria izan da. Parte-hartzera etorri direnek ilusioz eman dute botoa. Norberaren hautua aldarrikatu dute", dio Urzelaik. 

Abadiñon ere, balorazio positiboa egin dute. Joseba Derteano Abadiñoko Gure Esku Dago elkarteko arduradunak dioenez, "herritarrek elkarlanean antolatutako galdeketa izan da, eta gaur abadiñarrek erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera izan dute". Herritarrek egindako lana nabarmendu gura izan du Derteanok. "Abadiñon eta gainerako herrietan egindako lanak bere fruituak emango ditu", dio abadiñarrak. Matienan jaiak izanda, gehienek eguerdi partean eman dute bozka. Zelaietako mahaian Matienan baino boto gehiago jaso dituzte. 

Elorrion ere "pozik" daude gaurko egunagaz. Inma Eguen Elorrioko Gure Esku Dagoko kideak dioenez, "eguna zoragarri joan da. ANC-ko kideak esan digunez, elegante jardun dugu, eta ondo antolatuta". Durangaldeko parte-hartze altuena izan dute Elorrion. "Gehiago izan zitekeen, baina %34ko partaidetza datu indartsua da. Ea indar hori zelan erabiltzen dugun aurreranzean", gaineratu du Eguenek.

"Pozarren gaude. Sekulako giroa egon da, eta jende guztia eskerrak ematen aritu da", dio Maite Ingunza Zornotzako Gure Esku Dago elkarteko kideak. Zornotzarrak aitortu duenez, "jendea kalera irten da, espero ez genuen jendea ere bai". 

Zaldibarren parte-hartzea "zabala" izan da Ibaia Maortua herriko Gure Esku Dagoko kidearen esanetan. "Sentsazio oso onagaz gelditu gara", dio zaldibartarrak. "Barikuko ekitaldira jende ugari etorri zen, eta gaurko herri bazkarian ere partaidetza izugarria izan da", azaldu du Maortuak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!